Politika -
Gernikako Batzar Nagusiak
Bizkaiko Aurrekontuak onartu dituzte, PPren abstentzioari esker
Aldundiaren aurrekontua 6.578 milioi eurokoa izango da aurten, iaz baino % 4,3 txikiagoa.
Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2013ko Aurrekontuak onartu dituzte gaur EAJren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin, bi alderdi horiek lotutako akordioari esker.
Guztira bederatzi bozketa egin dituzte, Bizkaiko Aldundiko sail bakoitzeko bat, eta Aurrekontuen testu orokorrerako beste bat. Botazio guztiak aurrera atera dira EAJren aldeko 21 botoekin, PPren abstentzioarekin eta PSE-EEren eta Bilduren kontrako botoekin.
Aldundiaren aurrekontua 6.578 milioi eurokoa izango da aurten, iaz baino % 4,3 txikiagoa. Horrez gain, Aldundiak 136,2 milioi euroko zorra pilatuko du, baina kopuru berdina amortizatuko duenez, ez da zorra handituko.
Bizkaiko Aldundiaren aurrekontu proiektuak izapide guztiak gainditu ditu. Izan ere, urtarrilaren 24an atzera bota zituzten PSE-EEk eta Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak.
PPk aurkeztu zituen 85 zuzenketetako 10 ere onartu zituzten Batzar Nagusietan, EAJk eta PPk akordioa lotu eta gero.
5,5 milioi euroko diru-partidari eragiten dio bi alderdiek urtarrilaren 25ean lotutako akordioak, mendekotasun legeari lotuta zati handiena (hiru milioi).