Politika -

Elkarrizketa

EAJ: 'Ustelkeriaren aurka PPk eta PSOEk proposatutakoa antzerkia da'

Bestalde, ETA desarmatzearen eta presoen inguruan mugimenduak daudela dioten informazioen inguruan, "positiboak eta itxaropentsuak" direla esan du Aitor Estebanek.

Aitor Esteban Kongresuko EAJko bozeramailea. Argazkia: EITB
Aitor Esteban Kongresuko EAJko bozeramailea.
Aitor Esteban Kongresuko EAJko bozeramailea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeria politikoaren aurkako proposamenekin, PPk eta PSOEk "antzerki moduko" bat egiten dutela esan du Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak eta "jarrera aldaketa" behar dela nabarmendu du.

Enpresek alderdiei ematen dizkieten diru-laguntzak debekatzen badira, Rubalcabak proposatu bezala, diru-laguntza publikoak handitu beharko direla uste du Aitor Esteban Kongresuko EAJko bozeramaileak. Gainera, ustelkeriaren aurkako borrokarako PSOEk proposatutako "super heroiak" nortzuk izango diren galdetu du Radio Euskadiko elkarrizketa batean.

PSOEren idazkari orokorrak egindako proposamenez mintzatu da era honetan; izan ere, enpresek alderdiei egiten dizkieten dohaintzak kentzea eta Ustelkeriaren Aurkako Bulego bat eratzea proposatu du.

Politikarien errenta aitorpenak argitaratzeko PPk egindako proposamenaren inguruan, "B dirua ez da inoiz dokumentu horietan azaltzen" ekarri du gogora.

Ildo honetan, ez du argitu jeltzaleek Rajoyren dimisioa eskatuko duten ala ez, baina "susmoak berretsiz gero, PPk erabakiak hartu beharko ditu, eta hartu ezean, besteek eskatu beharko dizkiogu", esan du.

Bestalde, aurreko Jaurlaritzatik jasotako herentzia ez dela "ona" adierazi du. "Ez dira neurri egokiak hartu azken hiru urteetan, eta zorra areagotzen joan gara; zor publikoa erabili beharrean gai batzuetan lehentasunak jarri izan balira, eragina txikiagoa izango zen", ondorioztatu du.

Adibide gisa, Sail batzuetan, "erabilgarri dagoen dirua baino PSEk konprometitutako gastu gehiagorekin topatu gara", adierazi du.

ETA desarmatzea eta presoak

Azkenik, ABC egunkariak argitaratu duen informazioaz ere mintzatu da. "Espainiako Gobernuaren ingurutik datozen datu horietan, ETA desarmatzearen eta presoen inguruan mugimenduak daudela esaten da", adierazi du. Ez du xehetasunik eman izan nahi, "gauzak bere dinamikaren barruan eboluzionatuz joan daitezen", baina "hilabete batzuk barru, denak zoriontzeko moduan egon ahal izatea espero dut", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea