Politika -

Errenta aitorpena

Rubalcaba ekonomikoki 'biluztu' da: 67.229 euro irabazi zituen 2012an

Mariano Rajoyk oposizioan jaso zuen kopuruaren erdia da. Sozialisten buruaren iritziz, diru hori 'Barcenasen kutxatik' atera zen azaldu beharko du PPk.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia ekonomikoki 'biluztu' da, eta 2012an zenbat diru jaso zuen adierazi du. Horren arabera, 67.229 euro irabazi zituen iaz, dietak barne, hain zuzen ere, Mariano Rajoyk oposizioan zegoela jaso zuen kopuruaren erdia, 135.416 euro. Halaber, "diferentzia" hori azaltzeko eskatu dio Alderdi Popularrari.

Rubalcaba Diputatuen Kongresuan izan da gaur, eta betan zeuden kazetarien aurrean hitz egin du. Agerraldian esan duenez, iaz zenbat diru irabazi zuen frogatzen duen agiri bat eskatu dio bere alderdiari.

"Guztiok biluztuko gara ekonomikoki, eta esango dugu zenbat irabazi dugun, zer daukagun eta irabazitakoa justifikatuko dugu", azpimarratu du diru beltza duenik ukatu aurretik.

Iragarri duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egin bezala, haren errenta aitorpena publiko egiteko asmoa du, eta Ogasunarekin jarri da harremanetan ziurtagiriak jasotzeko.

Horiek jaso bitartean, ordea, zenbat diru irabazten duen aitortu du. Rubalcabaren esanetan, 67.229 euro irabazi zituen iaz, dietak barne, eta Mariano Rajoyk 135.416 euro irabazi zituen, dietak gehitu gabe, 2010ean Alderdi Popularra oposizioan zegoenean. Bestalde, pozik agertu da bere soldata Rajoyrenarekin alderatzeagatik.

Horren esanetan, oposizioan batak eta besteak irabazi zuten diru kantitatearen arteko diferentzian dago arazoa. "Diferentzia PPk ordaintzen duen diru horretan dago eta hori da arazoa: nondik ateratzen da diru hori? Kontua da dirua Barcenasen kutxatik irten den edo alderdiaren kontabilitatetik", gaineratu du.

Cayo Larak 4.500 euro jasotzen ditu hilean

Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak 4.500 euro gordin jasotzen ditu hilean Diputatuen Kongresuko soldata gisa. Diru horretatik 1.400 euro ematen dizkio alderdiari eta beste zenbateko bat gobernuz kanpoko erakundeei.

''Guk ez dugu gutun-azalik jasotzen; gure alderdiari gutun-azalak ematen dizkiogu, zuriz'', gaineratu du. Diputatu lanean soilik IUko koordinatzaile orokor zenean irabazten zuenaren oso antzeko soldata duela azaldu du Cayo Larak.

Rajoyk Gobernuan baino 100.000 euro gehiago irabazi zituen oposizioan

Larunbatean, Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen errenta aitorpenak eta ondasunen zerrenda kaleratu zituen Moncloako webguneak.

Datu horien arabera, Rajoyk 144.738,81 euro irabazi zituen gordin 2011n, 2010ean baino % 6,8 gehiago. 2012an, berriz, 49.893 euro eskuratu zituen, zergak kenduta, Gobernuko presidente zela.

2011n presidentearen soldata gordina 239.084,89 eurokoa izan zen. Horietatik 200.628,66 euro PPk ordaindu zizkion eta 38.456,23 Diputatuen Kongresuak.

Rajoyren soldata garbia % 6,8 igo zen 2010etik 2011ra. 2010ean 135.416,64 euro kobratu zituen garbi eta 222.368,22 gordin: PPk 181.098,14 euro ordaindu zizkion eta Kongresuak 41.270

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Rubalcaba albisteak Espainia Eguneko albisteak Albisteak Soldatak