Politika -

Tokiko administrazioa

Zinegotzien % 82k eta udalerri txikietako alkateek ez dute kobratuko

Halaber, Aurrekontuek ezarriko dute alkateen eta tokiko funtzionarioen soldata. Tokiko administrazioaren erreformarekin 7.100 milioi euro aurreztu nahi ditu Gobernuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tokiko administrazioan erreforma egiteko lehen urratsa eman du ostiral honetan Mariano Rajoyren Gobernuak, erreforma horren aurreproiektuaren txostena onartuta. Beste neurri batzuen artean, alkate, funtzionario eta zinegotzien soldatak mugatzen ditu erreformak. Hala, alkateen eta udaletako funtzionarien soldata Aurrekontuetan finkatuko dute, eta zinegotzien % 82k eta udalerri txikietako alkateek ez dute kobratuko.

Bikoiztasunak saihestea da helburuetako bat, eta bide batez, dirua aurreztea. Izan ere, 2013 eta 2015 bitartean 7.100 milioi euro aurreztea aurreikusi dute, Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Alkateen, zinegotzien eta funtzionarien soldata

Montorok azaldu duenez, Estatuko kontu publikoen legeak alkateen, tokiko erakundeetako langile publikoen eta bertako zuzendarien soldatak finkatzeko baremoak ezarriko ditu.

Hala, hiri handietako alkateen soldata ezartzeko Estatu idazkariek dutena izan dute oinarri, eta, beraz, erreformaren ondoren, 67.055,31 euro (eta beste zenbait osagarri) jasoko dute urtean 500.000 biztanle baino gehiagoko hirietako alkateek.

Bestalde, 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako alkateek ez dute kobratuko, eta zinegotzien % 82k ere kobratu gabe egingo dute lan. Hala, egun dauden 68.285 zinegotzietatik 12.188k bakarrik izango dute ordainsaria.

Halaber, tokiko langile publikoen soldatei muga ezarriko diete, eta muga hori aurrekontuetan finkatuko dute (orain arte tokiko erakundeek ezartzen zuten). Estatu Aurrekontuek tokiko langile publikoen gutxiengoa eta gehiengoa ere finkatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea