Politika -
10 urte 'Egunkaria' gabe
'Erantzuna ikusita, urrunegi joan zirela ohartu ziren Madrilen'
eitb.com Martxelo Otamendi 'Egunkaria'ko zuzendari ohiarekin izan da, kazeta itxi zutela 10 urte direnean, orduan bizitakoa gainbegiratzeko.
I.H.
- Nola gogoratzen duzu egun hura eta aske geratu zineten artean pasatakoak? Ze oroimen geratu zaizu indartsuen?
Nere etxean sartu ziren unea daukat gogoan, kolpe bat eman zuten atean eta "Abran, Guardia Civil" oihua bota zuten. Atea ireki, pijaman, eta goardia zibilak parean ikusi nituenean sekulako sustua hartu nuen. Etxea miratu eta arriskurik ez zegoela ziurtatutakoan, auzitegiko idazkaria sartu zen, eta esan zidan atxilotuta nengoela erakunde armatu baten kide edo laguntzaile izateagatik, inkomunikatuta nengoela eta Euskaldunon Egunkaria ixteko agindua zegoela. Une horretan ikusi nuen komuneko zulotik behera bota zutela urte askotan jende askok egindako lana, jarritako ilusioa, kemena, dirua... dena zihoala zulotik behera. Horrekin batera, bost egun guardia zibilen esku inolako eskubide edo bermerik gabe, kartzelatik irten, jendearen harrera... bukatzen ez den pasarte zerrenda luzea.
- Hamar urteren ostean, gertaturiko guztia ikusita: ze ondorio ateratzen duzu?
Espainiako Gobernuak abisua pasatu nahi zigun euskal herritarrei, garai hartan, 2003a zen, kontzeptu politiko batzuk sartuta zeuden Euskal Herriko politikaren hiztegian, hala nola autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea, Ibarretxeren planaren lehen urratsak... Espainiako Gobernuak hori moztu beharra zeukan, eta gu erabili gintuen abisua emateko, inork espero ez zuena egiteko: Euskaldunon Egunkaria itxi, eta direktiboak atxilotu, inkomunikatu eta torturatu, garbi jakiteko euskal herritarrek zer jasango zuten bide horretatik segituz gero.
- Izen abizenak jarriz, zeintzuk aipatuko zenituzke istoria honen alde guztiei erreparatuz?
Atxilotuak, Egunkaria-ko langileak, euskaltzaleak, senideak, komunikabideak, gure alde atera zen jendea... Acebes ministroa, Del Olmo epailea, goardia zibilak...
- Zein izan zen zure ustez operazio haren helburua?
Lehen aipatu dut. Abisua ematea herritarrei: "Edozer gauza egiteko prest gaude zuek atzera egiteko zuen eskakizunetan".
- Orduan indarra zuen giro baten ondorioa izan al zen Egunkariaren itxiera?
Egunkaria-ren itxiera Guardia Zibilak, Espainiako Gobernuaren oniritziarekin, hartutako erabaki baten ondorioa izan zen. Biolentzia bazegoen orduan, Espaniako Estatuarena eta ETArena, baina nik ez dut ikusten itxiera klabe horretan, ez biolentzia bati, ETArenari, erantzuna ematen zaion klabe horretan. Klabe politikoa da, nere ustez.
- Gizartearen erantzuna sekulakoa izan zen. Estatuak mezu hura aintzat hartu zuela uste al duzu?
Guardia Zibilaren estrategia, beldurra sartzeko estrategia, ez zen Egunkaria-rekin bukatuko, baina erantzuna ikusita ohartu ziren urrutiegi joan zirela. Egin eta Egin Irratia itxi zituzten 1998an, eta erantzuna ez zen, zoritxarrez, horren handia izan, eta orduan, 2003an, Egunkaria itxi zuten, espero ez zuten erantzuna jasoz. Egunkaria-ren itxierak jende asko beldurtu zuen; jende askok ikusi zuen ondoren beste batzuk etor zitezkeela, alegia, hezkuntza proiektu bat, entitate finantziero batzuk, enpresa eredu batzuk... eta Egunkaria-rena baliatu beharra zegoela hesi sendo bat jartzeko. Bakarren batek Madrilgo bulegoren batean erabaki zuen bide okerra zela hori.
- Absoluzioa, torturen salaketa ikertu ez zela onartu izana Europan... Gertatu den guztia aztertuta, Espainiako justiziaren irudia ahultzea izan al da ondoriotako bat?
Espaniako justizia lehenagotik ere nahiko desprestigiatua zegoen, are gehiago gure herrian aurretik gertatu zirenak ikusita. Baina Egunkaria-ren itxierak balio izan zuen batzuek begiak zabaltzeko, bai torturaren auzian baita ere justiziaren jokabidearen aurrean.
- Zurekin batera beste auzipetu batzuk izan ziren. Oraindik ere pieza ekonomikoa zabalik da, ordea. Amaiera ona espero al duzue?
Bi auzi izan dira: Egunkaria-ren itxierarena eta auzi ekonomikoarena. Itxierarena absoluzioarelin bukatu zen, baina epaiketa egin eta gero. Orain ekonomikoari begira gaude, eta epaiketa ez egitea lortu behar dugu, ez duelako ez buru eta ez hanka.
- Euskarazko egunkari baten proiektuak Egunkaria auziaren bilakaerak sortu duen indarraren iturritik edaten al du oraindik ere?
Gure indarra gure jendearen balioa da, langileak, erosleak, irakurleak, akziodunak, kolaboratzaileak, iragarkia erosten duen dendari txikia, enpresa handia... Kosmos horrek ematen digu bizia, eta hori gabe ez ginateke ezer izango.
- Berriz ere antzeko zerbait gertatu litekeela pentsatzen al duzu?
Bermea falta da, egiturazko bermea. Espainiako Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta epaileen esku segitzen dugu guk, eta gure herriak. Eta horrela segitzen dugun bitartean, ez da bermerik izango. Unean uneko estrategien mende egongo gara, arazoa egiturazkoa delako. Nik ez dut uste berriro antzekorik gertatzeko aukerarik dagoenik, baina eltzea sutan jarritakoan probatzen da, eta gure herrian ere horrela gertatuko da. Segun zer bide politiko hartzen duen gure herriak, orduan ikusiko dugu zer egiten duen Espainiako Estatuaren egiturak gure eltzearekin.