Politika -
Ustelkeriaren kontra
Legebiltzarrak kargu publikoentzako kode etikoa bideratu du
PSE-EEren proposamenak EAJ, EH Bildu, PP eta UPyD alderdien babesa jaso du.
Erredakzioa
Legebiltzarreko alderdi guztiek oniritzia eman diote PSE-EEk aurkeztutako lege proposamena bideratzeari. Proposamenak kargu publikoen kontrola sendotzea eta baterazinen erregimena zorroztea bultzatu nahi du.
Gainera, testuan jokaeren kodea ere agertzen da erakundeetako arduradunen jarrera etikoa bermatzeko. Halaber, isunen sistema bat ere dakar, arauak betetzen ez dituztenei aplikatzeko.
'Kargu publikoen jokaera kodea eta bateraezinen erregimena' izeneko lege proposamenak EAJ, EH Bildu, PP eta UPyD alderdien babesa jaso du, PSE-EEk bultzatuta.
Hemendik aurrera, testuak Legebiltzarreko ohiko izapideak gainditu bejarko ditu, bertan eztabaidatzen eta onartzen duten arte. Ekimenak PSE-EEren aurreko Exekutiboak egin eta onartzeke geratu zen zirriborroan oinarrituta dago, eta EAEko kargudun publikoen bateraezinen erregimena gogortzen du.
Beste zenbait gauzen artean, kargua utzi eta hurrengo bi urteetan kargua izan ziren denboran harreman zuzena izan zuten enpresekin lan egiteko debekua ezartzen du.
Kargutik kendu
Gainera, isunak ere aurreikusten dituzte lege proposamenean dauden arauak hausten dituztenentzako.
Ondorioz, arauak haustearen ondorioz, kargua gal dezakete, laguntza ekonomikoak galdu edo "bidegabe" hartutako dirua itzuli beharko dute.
Eskoletako jantokietarako diru-laguntzak
Bestalde, eta eskoletako jantokietako diru-laguntzei dagokienez, Hezkuntza Sailari egoera latzean dauden familientzako laguntzei eustea eta laguntza horiek inplementatzeko eskatu dio Legebiltzarrak. Horrez gain, zerbitzuaren kudeaketa aztertzeko ere eskatu dute, zerbitzua hobetzeko helburuarekin.
Hala ere, Legebiltzarreko gehiengoak "jantokiak egun indarrian dagoen legediaren arabera kudeatzen jarraitzeko" apustua egin du. Halaber, "menuetan aniztasuna zaintzeko eskaera egin dute".
Herritarren segurtasuna
Herritarren segurtasuna ere hizpide izan dute Legebiltzarrean, eta Jaurlaritzari segurtasuna "indartzeko" eskatu diote, Ertzaintzaren "hurbiltasuna" bermatuta, eta hirietako auzoen eta nekazaritzaguneen beharrizanei begiratuta.
Beste neurri batzuen artean, erakunde ezberdinen eta eragile sozialen edo elkarteen arteko elkarlana bultzatzeko eskatzen dute, herritarren segurtasuna "hobetzen jarraitzeko", "eta delitu mota berriei arreta berezia emateko".