Politika -
Polemika
Yolanda Gonzalezen hiltzailea lau ertzainen irakasle izan zen
Segurtasun sailburuak onartu egin du Legebiltzarreko kontrol saioan. Beltran de Herediaren arabera, Hellinek 2008ko ikastaro batean parte hartu zuen, beste identitate batekin.
Erredakzioa
Estefania Beltran de Herediak onartu egin du lau ertzainek Emilio Hellin ultraeskuindarra izan zutela irakasle, 2008an izandako ikastaro batean. Hellini 43 urteko kartzela-zigorra jarri zioten 1980an Yolanda Gonzalez gaztea hiltzeagatik.
Beltran de Herediak EH Bilduk gai horren inguruan egindako galdera bati erantzun behar izan dio Jaurlaritzaren kontrolerako saioan. Sailburuaren arabera, 2008an Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Teknologia Berrien saileko lau agente Madrilera joan ziren New Tecnology enpresak emandako ikastaroa egiteko.
Ikastaroan sakelako telefonoetatik datuak nola atera eta aztertu ikasi zuten. Beltran de Herediak esan duenez, "asko ikertu ostean", Segurtasun Sailak konfirmatu egin du ikastaroko irakasleetako bat Luis Enrique Hellin izeneko pertsona izan zela.
Sailburuak azpimarratu egin du orain arte ez dutela jakin pertsona horren benetako izena Emilio Hellin zela, Fuerza Nuevako kidea, eta 43 urteko kartzela-zigorra zuena Yolanda Alvarez bahitu eta hiltzeagatik.