Politika -

Adierazpen polemikoak

De Andresek ez duela mozalik onartuko esan die EAJri eta EH Bilduri

Beste behin esan du nazionalismoa ez dela mundu modernoarekin bateragarria. Hala ere, ez du uste bere hitzak iraingarriak direnik.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak EAJri eta Bilduri ohartarazi die ez duela "mozalik" onartuko, eta beste behin esan du nazionalismoa, ideologia gisa, ez dela bateragarria mundu modernoarekin.

De Andresek nazionalismoaren gainean egindako adierazpen polemikoen harira, interpelazioa aurkeztu dute EAJk eta Bilduk Arabako Batzar Nagusietan, eta ahaldun nagusiak horren gainean egindako galderei erantzun behar izan die.

Ahaldun nagusiak honakoa esan zuen: "Oinarri nazionalistak mantentzen badira, herrialdea gutxi batzuentzat soilik izango da erakargarria, eta desagertu egingo da". "Gaur egun, nazionalismoa eta mundu modernoa bateraezinak dira", gaineratu zuen.

Gaurko osoko bilkuran, Ramiro Gonzalez EAJk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak "errespetu falta" egotzi dio ahaldun nagusiari. Gonzalezen iritziz, Araban nazionalista sentitzen diren 75.000 laguni eraso egin die.

Patxi Martinez de Albeniz Bilduko batzarkideak Espainiako Gobernua kritikatu du, Kataluniako Parlamentuak onartutako burujabetzari buruzko adierazpena baliogabetzeagatik.

"Euskal nazionalistek nire errespetu osoa merezi dute", adierazi du Javier de Andresek. Horren hitzetan, "ados ez egotea eta iraintzea ez dira gauza bera". Halaber, beste behin esan du nazionalismoa ez dela bateragarria mundu modernoarekin.

EAEko alderdi nazionalistek bultzatu dituzten "proiektu zatitzaileak" eta ETAren indarkeria izan ditu hizpide Javier de Andresek. Bilduri ETArekiko distantzia ez markatzea egotzi dio. "Askatasun osoz esaten dut pentsatzen dudana, askori gustatzen ez bazaie ere", gaineratu du.

De Andresek ez duela mozalik onartuko esan die EAJri eta Bilduri. Halaber, nazionalistak ez direnen iritzi askatasuna mugatzen dutela salatu du. "Ni ez naiz nazionalista, eta nire iritzia ematen dudanean, nabarmendu egiten naiz", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea