Politika -
Elkarrizketa
Basagoiti: 'Martxa honetan, Urkulluk osoko zuzenketak jasoko ditu'
EAEko PPren buruzagiak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "ez du esfortzu minimo bat egin akordioa lortzeko" Aurrekontuen inguruan.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak salatu du "martxa honetan, Urkulluk osoko zuzenketak" jasoko dituela 2013ko Aurrekontuetan, izan ere, Eusko Jaurlaritzak "ez du esfortzu minimo bat egin akordioa lortzeko".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "ezinbestekoa da Euskadik aurten aurrekontuak izatea, jatea bezain beharrezkoa da".
Horren harira, buruzagi popularrak Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du, oraindik Aurrekontuak ez dizkielako erakutsi, eta horiek jakin gabe oposizioko alderdiek ezin dutelako "sakoneko iritzia eduki".
"Inork ez du proiektua ezagutzen, gizartearen aurrean ondo geratzeko atera dituen argazkiez gain, ez dago ezer ere ez", azpimarratu du Basagoitik.
"Mugitzen den gobernu bat behar dugu. Eusko Jaurlaritzak ez du esfortzu minimo bat egin akordioa lortzeko. Nik mezu hau helarazi nahi diot Urkulluri: busti zaitezte, jar zaitezte lanean, eta adostasunak bilatzeko gaitasuna izan ezazue", gaineratu du.
Era berean, oposizioari ere eskatu dio laguntzeko, ahal duen neurrian, eta PPren jarrera "zorrotza, baina kolaboratzailea" izango dela jakinarazi du.
ETAren amaierako 'Pepito kirkila'
EAEko PPren presidenteak esan du bere alderdiak "ETAren amaierako Pepito kirkila" izaten jarraituko duela, "ondo amai dadin". Gainera, ETAk armak entregatzen ez dituen eta "damua" azaltzen ez duen bitartean, "Norvegiatik, Frantziatik eta alde guztietatik" bidaliko dituztela ohartarazi du.
Basagoitiren esanetan, "terrorismoaren amaieraren arazo nagusia ETAren jarreran dago, egun ez baitu damu adierazpenik egin eta ETAko guztiek, Bildutik eta Sortutik hasita, ez dituzte gutxieneko urratsak eman errua aitortzeko".