Politika -
Gobernu bilera
Jaurlaritzak onartu egin du Iturberen hautagaitza, EiTB zuzentzeko
Legebiltzarrak seguru aski ostegunean onartuko du izendapena, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatuta.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak onartu egin du gaur Maite Iturbe-ren hautagaitza, EiTBren zuzendari nagusi izateko, atzo EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu eta gero.
Horren ostean, proposamena Eusko Legebiltzarraren Mahaira igorri dute. Mahaiak bihar bertan erabakiko du hautagaitza osteguneko osoko bilkuran bozkatu ala ez, baina, Legebiltzarreko iturriek jakitera eman dutenez, bozketa egun horretan egiteko asmoarekin deitu dute asteazken honetan Bozeramaileen Mahaia (gaia osteguneko osoko bilurako gaien zerrendan sartu ahal izateko).
Mikel Agirrek EiTBko zuzendari nagusi izateari uko egin eta gero, EAJk Jaime Otamendiren hautagaitza proposatu zion PSE-EEri, baina sozialistek errefusatu egin zuten.
EiTBren aurrekontuak, hilaren 12a baino lehenago
Bestalde, EiTBren aurrekontuak hilaren 12a baino lehen egongo direla prest aurreratu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Egun horretan bertan, Jaurlaritzak EAEren aurrekontuak onartuko ditu, eta, ordurako, erakunde publikoarenak ere prest izango dira.
Erkorekaren esanetan, Iturberen izendapena aste honetan bertan onartuko du Legebiltzarrak.
Harrezkero, posible izango da EiTBren Administrazio Kontseiluak eta zuzendari nagusiak aurrekontuak onartzea.
EiTBn hastapenetatik
Maite Iturbe Mendialduaren ibilbidea EiTBko Produkzio arloari lotuta dago. EiTB martxan jarri zenetik Iturbek Produkzio esparruan lan egin du. 1991tik Produkzio arloko zuzendaria da. Andoni Ortuzarren eta Alberto Surioren agintaldietan kargu horretan lan egin du.
EiTBko Produkzioaren arduradun gisa, Iturbek telebista publikoaren baliabideak antolatu ditu albistegietan, kiroletan, etxeko saioetan eta kanpoko produkzioan, baita etxekoa ez den produkzioan ere (telesaioen erosketa, filmak, dokumentalak eta haurrentzako produkzioa). Azken urteetan aurrekontuetako zati handi baten kudeaketa Iturberen eskuetan egon da.
Gainera, ikus-entzunezko euskal sektorea ederki ezagutzen du; izan ere, Euskadiko produktore gehienekin lan egin du. Era berean, zinema industriarekin harremana izan du hautagaiak. EiTBk urtero euskal zinemagintzara bideratzen duen aurrekontuaren % 6 kudeatu du Iturbek.