Politika -

Nafarroan

Auzitegiak espainiar bandera jartzera behartu du Lesakako Udala

Berako Udalaren ostean, Lesakakoa da Nafarroan Justizia Auzitegi Nagusiak espainiar bandera jartzera behartu duen bigarrena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak espainiar bandera udaletxearen kanpoaldean eta barrualdean jartzera behartu du Lesakako Udala.

Sententzia irmo batean, tribunalak Lesakako Udala kondenatu du "Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta barrualdean lehentasunezko toki batean jartzera, ezarritako baldintzen arabera", jakinarazi du gaur Gobernuaren Ordezkaritzak Nafarroan.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak esandakoa berretsi du. Izan ere, Lesakako Udalak apelazioa aurkeztu zuen, "kontzientzia-eragozpenerako eskubidea" aldarrikatuta.

Horren harira, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakiak zehazten duenez, "kontzientzia-eragozpenak norbanakoen sinesmenak zaintzen ditu, ez taldearenak. Beraz, korporazio moduan, ezin da kontzientzia-eragozpenerako eskubidea erabili argudio moduan".

Sententziaren arabera, gainera Lesakako Udalak apelazioaren kostuak ordaindu beharko ditu. Berako Udalaren ostean, Lesakakoa da Nafarroan Justizia Auzitegi Nagusiak espainiar bandera jartzera behartu duen bigarrena.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak hogeita hemeretzi errekerimendu egin ditu guztira tokiko administrazioek, "legea betetze aldera", espainiar bandera udaletxeen kanpoaldean jartzeko.

Horietatik, hamahiruk ez dute bete: Altsasu, Arbizu, Areso, Baztan, Beraskoain, Oltza Zendea, Etxarri Aranatz, Goizueta, Uharte Arakil, Lakuntza, Leitza, Olatzagutia eta Zabaltza.

Beste bederatzi udal errekerimendua betetzeko epearen barruan daude: Oibar, Anue, Etxalar, Ituren, Lantz, Odieta, Doneztebe, Igantzi eta Zubieta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea