Politika -
Noos auzia
Epaileak deklaratzera deitu ditu Gonzalez Pons eta Fontao kondea
Lekuko gisa deklaratu beharko dute, martxoaren 18an. Epaileak, gainera, Noos Institutuaren eta Aizoon enpresaren akta originalak eskuratzeko Manos Limpias sindikatuak egindako eskaera onartu du.
Erredakzioa
Noos auzia ikertzen duen Jose Castro epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu ditu Jose Manuel Romero, Fontao kondea (Errege-Etxeko aholkulari juridikoa) eta Esteban Gonzalez Pons Valentziako Gobernuko kontseilari ohi eta PPko kidea.
Hala, atzo bertan ustelkeriaren kontrako fiskalak egindako eskaera aintzat hartu du epaileak, eta martxoaren 18an deklaratu beharko dute, lekuko gisa.
Urdangarinek eta Torresek egindako deklarazioen arabera, Palmako dukearekin bitartekari eta aholkulari lanetan aritu zen Fontao kondea, eta hori dela-eta deitu du deklaratze epaileak.
Esteban Gonzalez Ponsek, bestalde, Noos Institutuak Generalitatearekin 2006ko Europako Jokoen antolaketarako sinatutako 382.203 euroko kontratu bat dela-eta deklaratuko du. Diputatua denez, epaitegietara ez joateko aukera izango luke, eta, hala, epaitegiko batzorde bat joango litzateke harengana, galdeketa egiteko.
Bi data
Castro epaileak bi data deitu ditu auzian deklaratu behar dute 34 lekukoek eta bi inputatuek (Mario Sorribas, Urdangarinen ahalduna eta Robert Cocks ustezko izen-mailegatzailea) deklara dezaten: martxoaren 18an Madrilen eta 19an, Bartzelonan.
Akta originalak
Castro epaileak, gainera, dokumentu ofiziala helarazi dio Zerga Administrazioko Estatu Agentziari, Iñaki Urdangarinen eta Diego Torresen ondasunen inguruko txostena eskatuz. Halaber, Noos Institutuaren eta Aizoon enpresaren akta originalak eskuratzeko Manos Limpias sindikatuak egindako eskaera onartu du.