Politika -
Eusko Legebiltzarra
Gaur osatuko da bakerako lantaldea, PP eta UPyD gabe
Eusko Jaurlaritzak onartu du "ezinezkoa" izango dela akordio zabalak lortzea, eta, hasiera batean, "mikroakordioak" lortzea izango omen da helburua.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarraren Bake eta Bizikidetza lantaldea lanean hasiko da gaur, 14:00etan, Eusko Legebiltzarrak lantaldearen sorrera onartu eta hilabete batera, eta oraingoz PPk eta UPyDk ez dute parte hartuko.
Eusko Legebiltzarrak otsailaren 14an onartu zuen, EAJren eta PSE-EEren botoekin, Bake eta Bizikidetza Lantaldea berriro martxan jartzea, aurreko Legegintzaldiko lanari jarraiki. EH Bilduk abstentzioa eman zuen eta PPk eta UPyDk kontra bozkatu zuten.
PSE-EE izan zen lantaldea berriro martxan jartzea eskatu zuena, Legebiltzar berria osatu zenean, eta EH Bilduri "aurreko legegintzaldian egindako lanarekin jarraitzeko" eskatu zion, "Euskal Herriaren historia ez baita hasi haiek bide legaletara eta demokratikoetara itzultzea erabaki zutenean".
EAJk ere aurreko lantaldean adostutakoa babestu du, "printzipio minimoak" zirelako eta "denentzako" balio dutelako. Jeltzaleentzat aurreko Lantaldeak jarri zuen "aurrera egiteko oinarri etikoa".
EH Bilduren ustez, berriz, "lotsagarria da bakerako deia eraso batetik abiatzea" eta "joko baztertzailea" sustatzea leporatu die gainerako alderdiei, nahiz eta parte hartuko duela iragarri.
PPk ez du lantaldean parte hartuko EAJk eta PSE-EEk ezker abertzalearekiko exijentzia maila handitzen ez badute eta "indarkeria babestu dutenek errua onartzen ez badute".
UPyDren arabera, "ezker abertzaleari mesede egitea" da Bake eta Bizikidetza Lantaldearen helburua, eta horregatik ez du parte hartuko.
Aurrerago PPk bat egingo duela espero du Jaurlaritzak
PPk aurrerago Bake eta Bizikidetza Lantaldearekin bat egingo duela espero du Monica Hernando Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen zuzendariak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, PPk ez du azken erabakia hartu, eta sorkuntzan ez duela parte hartuko soilik iragarri du.
"Legegintzaldia luzea da, bat egingo duela espero dut", gaineratu du.
"Mikroakordioak"
Lantaldearen balizko emaitzen inguruan, Hernandok onartu du "ezinezkoa" izango dela akordio zabalak lortzea, eta, hasiera batean, "mikroakordioak" lortzea izango omen da helburua.