Politika -
Negoziazioak
Gobernuak eta Jaurlaritzak bost lege adostu dituzte
Beste hiru legeren negoziazioek jarraitu egiten dute, eta ez dute akordiorik lortu 2012ko eta 2013ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Jaurlaritzak dagoeneko iragarri du Konstituzionalera joko duela.
Erredakzioa
Mariano Rajoyren Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bi gobernuen artean desadostasunak eragin dituzten bost legeren inguruko akordioa lortu dute, tartean Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea. Hala, Auzitegi Konstituzionalera jo beharra ekidin dute.
Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Estatu mailako legeei dagokienez, hezkuntza mailan gastua murrizteko legean eta osasun arloari dagokion 16/2012 errege dekretuan lortu dute akordioa. EAEko legeen artean, transexualen eskubideen legean, kirol mailako dopinaren legean eta aurrezki kutxen legean izan dira akordioak. Azken honi dagokionez, azkenean, izaera berezia duten fundazioek Estatuko oinarrizko legediarekin ''egokitu'' beharko dira mailegu eta banku mailan.
Bost legetan akordioa lortu badute ere, beste hirutan oraindik negoziazioek jarraitu egiten dute, eta ez da akordiok egon 2012ko eta 2013ko Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan. Atzo bertan Jaurlaritzak iragarri zuenez, Konstituzionalera eramango dituzte Estatuko kontuak, eskumenak zapaltzen dituztela salatzeko.
Oraindik negoziatzen ari diren legen artean, langile publikoen soldata bertan behera uzten duena dago. Halaber, saltokien ordutegien inguruko legea eta BGAE borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak arautzen dituena ere eztabaidan daude oraindik.