Politika -
Gobernuan 100 egun bete ditu
'Nahaspila atzean utzi' eta akordiorako deia egin du Urkulluk
Eusko Jaurlaritzaren aurreneko 100 egunen balantzea egin du lehendakariak Lehendakaritzan. EAEko Exekutiboak "aurrekontuen proiektua egiteko orduan markak hautsi" dituela goraipatu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak "akordioak" lortu behar direla errepikatu du, "nahaste-borraste" politikoa atzean utzi behar da Euskadik bizi duen "une zaila" gainditzeko. Alderdi politiko, erakunde eta agente sozialen artean "indarrak batu" behar dituztela ziurtatu du.
Eusko Jaurlaritzaren aurreneko 100 egunen balantzea egin du lehendakariak Lehendakaritzan. EAEko Exekutiboak "aurrekontuen proiektua egiteko orduan markak hautsi" dituela goraipatu du Urkulluk 150 bat herritarren aurrean.
Ekitaldian sailburu guztiek parte hartu dute, Ricardo Gatzagaetxebarria Hazienda sailburuak izan izan ezik. Gatzagaetxebarria Madrilen dago.
Jaurlaritzak aurrekontuen proiektua egiteko "hilabete bat eta hiru aste eskas" behar izan dituela esan du lehendakariak. Horrela, Urkulluren hitzetan, agindutakoa bete du Exekutiboak; izan ere, Gobernu Kontseiluak martxoaren 12an onartu zuen egitasmoa.
"Une oso zailean eta oso gogorrean gaude", errepikatu du lehendakariak. "Negu oso gogorra izan da", esan du, Gasteizko negu gogorra legealdiaren hasierarekin alderatuz.
Akordioen beharra
Azken gertakarien eta adierazpenen aurrean, Jaurlaritzak "akordioa lortzeko borondatearekin" jarraitzen duela eta "akordio beharra" duela gogorarazi du agintariak.
Gobernu "txikiagoa" osatzea bere lehen erabakia izan zela adierazi du lehendakariak. "Gobernuaren egitura txikitu eta goi-kargudunak murriztu ditugu", esan du, "baliabide gutxiagorekin gehiago egin behar delako".
Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian. Argazkia: EFE
Exekutiboaren meritua azpimarratu du Urkulluk; izan ere, 1.200 milioi euro gutxiagorekin aurrekontu proiektu "soziala" egiteko kapaz izan da. Diru-bilketak behera egingo zuela iragarri zuen Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, 700 milioi gutxiago, eta defizitari muga ezarri diote, ondorioz, zorpetzeko gaitasun txikiagoa, 500 milioi gutxiago.
"Lerro gorriak ez genituela zeharkatu behar esan genuen, eta politika publikoen oinarrizko zerbitzuak bermatu ditugu giza garapena eta hazkunde jasangarria lortzeko", azaldu du.
Azken asteetan agente politiko, sozial, sindikal eta enpresariekin izandako 60 bilerak gogorarazi ditu Urkulluk hitzaldian.
Ilusioa
Une ekonomikoaren larritasuna onartu du Urkulluk, baina egoerari "ilusioarekin" aurre egingo diola adierazi du; izan ere, "nahaste-borrastea eta kritika" gainditzen baldin badira krisitik ateratzeko aurrerapasuoak eman ahal izango dituzte.
Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian. Argazkia: EFE
Zehaztasun ekonomikoa eta gardentasuna, oinarrizko zerbitzu "publiko eta unibertsalen" bermea, lanpostuak sortzea eta ekonomia suspertzea, "behin betiko bakea ahalbidetzea" eta "autogobernuaren berrirakurketa" bat egitea Jaurlaritzaren ardurak izango direla esan du Urkulluk.
Oposizioaren kritikak
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura Eusko Jaurlaritzaren lana kritikatzeko aprobetxatu dute oposizioko alderdiek.
Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren "moteltasuna" eta aurrekontu proiektuaren "hutsaltasuna" salatu ditu.
Exekutiboaren lana "etsigarria" dela esan du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak.
Arantza Quiroga PPko bozeramailearen hitzetan, Urkulluren lehen 100 egunak "etsigarriak" izan dira, eta "paralisi eta nahasmen" sentsazioak nagusi direla erantsi du.
Jaurlaritzak "Euskadik krisitik ateratzeko behar dituen erreforma eta neurri guztiak albo batera utzi ditu" aurreneko 100 egunetan, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen ahotan.