Politika -
Bilera
Rubalcabak Valencianori botere gehiago eman dio
Azken krisien ostean alderdia indartzeko aldaketak jakitera eman ditu PSOEko idazkari nagusiak. Bestalde, PSOEk eta PSC elkarrizketarako oinarriak ezarri dituzte.
Erredakzioa
Alderdiaren antolaketaren berri eman du gaur Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak. Horrela, Elena Valenciano idazkariorde nagusiak botere gehiago izango du alderdi barruan. Rubalcabak oposizioko buruzagia izateko buru-belarri lan egingo du, eta gai-zerrenda sozialean sakonduko du.
PSOEko zuzendaritzak bilera egin du gaur eta Rubalcabak prentsaurrekoa eman du ondoren. Azken krisien ostean alderdia indartzeko aldaketak jakitera eman ditu idazkari nagusi sozialistak.
Ramon Jauregui beteranoa zuzendaritzara itzuliko da alderdiaren biltzar politikoa antolatzeko, baina urrian kargua utziko du biltzarra egin ostean, "beste kontraturen bat" ematen ez badiote. "Jauregui begikoa dut", aitortu du Rubalcabak.
Bestalde, PSOEk eta PSCk akordioa bilatzeko elkarrizketarako oinarriak ezarri dituzte. Bi alderdietako zuzendaritzetan "simetria eta oreka" bilatu nahi dute.