Politika -
Bilera Lisboan
Espainiak eta Portugalek ETA 'desagertzeko' lanean jarraituko dute
ETAk Portugalen base finko bat izatea baztertu du Espainiako Barne ministroak, eta Lisboako agintariei orain arteko elkarlan estua eskertu die.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren hitzetan, Espainiak Frantziarekin eta Portugalekin "elkarlanean" jarraituko du ETA "behin betiko desagertu arte".
Lisboan, Fernandez Diaz Portugalgo Barne eta Justizia ministroekin bildu da. ETAk Portugalen base finko bat izatea baztertu du Espainiako Barne ministroak, eta Lisboako agintariei orain arteko elkarlan estua eskertu die.
"Frantziak ETA estu hartu zuen, eta banda Portugalen babes hartzen saiatu zen, baina Portugalen lankidetza ikaragarria izan zen", adierazi du Espainiako ministroak.
"Banda saiatu zen, baina Portugalgo Poliziak egitura deuseztatu zion", erantsi du Fernandez Diazek. 2010eko otsailean Portugalgo Poliziak tona eta erdi lehergai atzeman zituen Obidosen. ETAren armategia deuseztatu zuten Portugalen.
Bi herrialdeetako polizien arteko harremanetan une garrantzitsua izan zen Obidoseko operazioa. Gainera, ETAk Portugalen egitura finko bat ezarri nahi izan zuen eta operazioak helburua bertan behera utzi zuen, Fernandez Diazen ahotan.
"Erne jarraitu"
"Orain erne jarraitu behar dugu, nahiz eta gauzak kontrolpean egon. Bistan denez, ETAk ez du base finkorik Portugalen", azpimarratu du Barne ministroak.
Frantziarekin eta Portugalekin informazioa trukatzen jarraitu behar dela defendatu du Fernandez Diazek, "ETA erabat desagertzea lortzeko".