Politika -
Epaia
Absolbitu egin dituzte Arabako ustezko espioitza auziko inputatuak
Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu zuen Aitor Telleria EAJko buruzagi ohiaren eta bi ertzainen aurka.
D.P.
Arabako Lurralde Auzitegiak absolbitu egin ditu Arabako ustezko espioitza auzian inputatutakoak, hau da, Aitor Telleria EAJko burukide ohia eta bi ertzain, EiTBk jakin duenez.
Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu zuen horientzat, sekretuak etengabe azaleratu izana egotzita.
Epaiaren arabera, Ministerio Publikoaren tesia "sinesgarria" da, baina ez dago "frogatuta".
Telleriaren abokatua, Jesús Maria Villegas, "pozik" agertu da Radio Vitorian egindako adierazpenetan, "azken hilabeteetan pairatu behar izan duena oso larria baita".
2010. urteko udan, Poliziak hainbat politikariri, enpresabururi eta Arabako beste hainbat pertsonari buruzko informazio pertsonalak topatu zituen Telleriaren bulegoan, 'De Miguel' auziari zegokion miaketa batean.
Fiskaltzaren arabera, bi ertzain horiek informazioa pasatzen zioten Telleriari, eta jarraitu beharreko pertsonen zerrenda egiten zuten. Gainera, agenteek ikerketak egiten zituzten, jeltzaleak emandako datuak oinarri hartuta.
Politikari eta pertsona ospetsuen zerrenda horretan, besteak beste, Patxi Lazcoz, Juan Carlos Alonso, Txarli Prieto eta Santiago Abascal politikariak, Arabako patronaleko kideak; kazetariak eta ertzainak agertzen ziren.
Epaiketan, baina, bere bulegoan topatutako informazio horiek "txotxolokeriak'' eta ''jakinak'' zirela deklaratu zuen Telleriak.
Halaber, txosten horiek egiteko agindurik eman ez zuela eta ''igorle anonimoek helarazi'' zizkiotela azaldu zuen.
Bi ertzainek ere ukatu egin zuten espioitza egin izana, eta, are gehiago, ustez ikertutako horietako asko nor ziren ere ez zekitela esan zuten.
Epaiaren argudioak
Epaiak ez du frogatutzat jo Telleriaren ordenagailuan atzemandako informazioak Ertzaintzaren ikerketekoak zirenik, edo ertzainek bildu eta burukide ohiari igorri izana.
Epaileen ustez, fiskalaren zantzuak ez dira nahikoak, eta, hori dela eta, errugabe jo ditu inputatuak.