Politika -

Nafarroak ituna hautsi du

Errealitate instituzionala errespetatu duela esan dio EiTBk Barcinari

Zuzendaritzak azaldu duenez, eguraldiaren mapan audientziaren hedadura, errealitate instituzionala eta audientziaren interesa errespetatzen dira.

EiTBren egoitza, Bilbon. Argazkia: EiTB
EiTBren egoitza, Bilbon.
EiTBren egoitza, Bilbon. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBren zuzendaritzak prentsa-ohar bat kaleratu du Nafarroako Gobernuak ETBko kanalak hartzeko Eusko Jaurlaritzarekin 2009. urtean sinatu zuen akordioa hautsi ostean.

"EiTBk berezko komunikazio-espazio baten barruan dihardu; espazio horren eremu geografiko eta soziologikoari ematen dizkio zerbitzua eta arreta. Eremu hori, administratiboki, lurralde hauetan banatuta dago: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa (Euskal Autonomia Erkidegoa); Nafarroa (Nafarroako Foru Erkidegoa); Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa (Euskal Herri kontinentala)", erantzun dio EiTBren zuzendaritzak Nafarroako Gobernuari.

Gainera, EiTBk gogora ekarri duenez, "komunikazio-espazio hori bat dator euskara erabiltzen den eremu geografikoarekin".

Horren harira, euskal irrati telebista publikoak eguraldiaren mapa hiru irizpide profesionalen arabera egin duela zehaztu du: "EiTBren audientziaren hedadura geografikoa irudikatzea EiTBk diharduen komunikazio-espazioan; errealitate instituzionala errespetatzea, koloreak eta marrak egokiro erabiliz, eta gaur egun existitzen diren errealitate administratibo eta politikoak irudikatuz; EiTBren audientziak bere asialdian eta ibilaldietan helburu dituen tokietara zabaltzea eguraldiaren informazioa".

Era berean, EiTBren telebista-kateak eta irratiak "banatzeko sistemak" badaudela azpimarratu du.

Bestalde, "begirunea eta errespetua" azaldu nahi izan die erakunde guztiei, eta EiTB komunikazio-taldearen jarduerak "printzipio profesionalek bakarrik" gidatzen dituztela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea