Politika -
Polemika
Feijook uko egin dio dimititzeari 'legearen barruan' jardun zuelako
Narkotrafikatzailearekin “aisialdiko” harreman bat izan zuela nabarmendu du, eta amaitu egin zela Justiziarekin arazoak ekarri zizkionean, gaineratu du.
Erredakzioa
Alberto Núñez Feijóo Galiziako PPko presidenteak uko egin dio dimititzeari, oposizioko alderdiek eskatu bezala, "beti legearen barruan" jardun zuelako. Halaber, El Pais egunkariak argitaratutako argazkietan azaltzen den pertsonarekin, Marcial Dorado narkotrafikatzailearekin, kontratuak "inolaz ere sinatu" ez zituela azaldu du, ez Sergaseko kargu altu izan zenean, ezta Insaludeko buru izan zenean ere.
"Inoiz ez nuen kontraturik sinatu jaun horren enpresetako bat berarekin ere", nabarmendu du PPko buruak, komunikabideen aurrean, alderdiarekin bildu ostean.
"Duela 20 urteko argazkiengatik" egin duela agerraldia azpimarratu du, eta, prentsaren aurrean aurpegia eman baino lehen, "Horreoko Pazoan "gehiengoa duen" alderdiaren aurrean egin duela adierazi du. Bertako kideei argazkien argitalpenak presidente moduan dituen erantzukizunekin "zerikusirik ez" duela helarazi zie. "Nire kontra doa zuzenean", nabarmendu du.
Kontzientzia "oso lasai" duela, irudi horien argitalpenak "harritzen ez" duela azaldu du, eta "2003tik edota 2004tik" existitzen zirela bazekiela jakinarazi du, "komunikabideren batean" argitaratu zitezkeela esan ziotenean. Horren jarraian, "datozen egunetan etekina ateratzen saiatuko" direla esan ostean, argazkiei garrantzia kendu die.