Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Atutxa: 'Lopez Peñaren heriotzan abokatuaren jarrera da arraroa'
Bestalde, lehendakaria Petronorren koke plantaren inaugurazioan izango ez dela eta piztu den polemikari garrantzia kendu dio. "Agenda-arazoak izango dira", esan du.
Erredakzioa
Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarraren aburuz, Xabier Lopez Peña ETAko kidearen heriotzan "gauza arraro bakarra haren familiak eta abokatuak esaten dutena da".
Lopez Peñaren familiak Yolanda Molina abokatuaren bitartez, espetxeetako administrazioa eta 'Thierry' artatu zuen Parisko ospitalearen aurkako salaketa iragarri zuen.
"Medikua ez banaiz ere, gaixorik zegoela dakigu, eta gaitzak okerrera egin zuenean hil egin zela; Lopez Peñaren heriotza espetxe-politikari egoztea gehiegizkoa iruditzen zait", azpimarratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
Ildo berean, ezker abertzaleko buruzagiek gertakari horren aurrean egindako adierazpenak kritikatu ditu. "Gehiegizkoak dira. Mundu guztia egin dute erantzule. Sortu eta Bilduren aurreko garaietako diskurtsoak errepikatu dituzte. Imajinatzen dut euren katarsia gauzatzeko denbora behar dutela", azaldu du.
Nolanahi ere, "pilota ETAren teilatuan" dagoela berretsi du. "ETA da armak entregatzeko eta desegitea gauzatzeko urratsak eman ditzakeena", esan du.
EAEko aurrekontuak
Euskal aurrekontuez galdetuta, Atutxak esan du elkarrizketek oraingoz ez dutela fruiturik eman eta aste hau "hausnarketarena" izango dela, "negoziazioarena baino".
Talde guztiekin hitz egingo dutela esan du eta, PSEk ezezkoari eusten badio, Alderdi Popularraren eta UPyDren aukera aztertuko dutela iragarri du. "PP da traba gutxien jartzen ari dena, jarrera positiboagoa erakusten duena; UPyDren jarrera, berriz, misterioa iruditzen zait beti", adierazi du.
Gauzak horrela, Patxi Lopezi erantzukizunez jokatzeko eskaera egin dio. "Publikoki badirudi bera dela EAJrekin akordioak sinatzeko mesfidantza gehien erakusten duen buruzagi sozialista, baina aldi berean bera da indar gehien duena", gaineratu du.
Bestalde, ezinbestekotzat jo du epe luzera begira "egonkortasunerako" hitzarmen bat lortzea. "Jaurlaritzak Legebiltzarrera igortzen duen proposamen guztiak negoziatu behar izatea oso nekeza da".
Hala ere, hitzarmen hori lortu ez arren, hauteskundeak aurreratuko ez dituztela nabarmendu du.
Muskizko koke plantaren inaugurazioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Petronorren Muskizko koke plantaren inaugurazioan izango ez dela eta piztu den polemikari garrantzia kendu dio.
"Inork ez dezala ezkutuko arrazoirik bilatu. Agenda-arazoak izango dira, ez Asturiasko Printzea edo Josu Jon Imaz EAJren presidente ohia bertan izango direlako", esan du.