Politika -
Presoen kolektiboa
'Gatazka luzatzeko arriskuaz' ohartarazi du EPPK-k
''Egoera politikoa larria da konponbide demokratikoaren alde gaudenontzat, gatazka luzatzeko arriskua handia baita'', komunikatuak jasotzen duenez.
Erredakzioa
EPPK Euskal Presoen Politikoen Kolektiboak Anjel Figueroa eta Xabier Lopez Peña Thierry presoen heriotzak baloratuz komunikatu bat kaleratu du ostiral honetan, eta, bertan, ''gatazka luzatzeko arriskuaz'' ohartarazi du EPPK-k.
Naiz.info webgunean jasotako testuan, EPPK-k dio ''etxean'' hil zela Anjel Figeroa, baina ''gaixorik, espetxetik irtetea lortu arren Espainiako espetxe administrazioaren menpe, eta haren ardurapean''. ''Gobernu espainiarraren ardurapean'', gaineratu du presoen kolektiboak.
Xabier Lopez Peñaren heriotzaren inguruan, EPPKren komunikatuak dio ''Frantziar espetxe eta justizia administrazioaren ardurapean'' hil zela. ''Eri zen, eta kalean behar zuenean hil da preso. Ezin pasatzen utzi, frantses arduradunen jokaera laidogarri eta makabroa, beste behin ere. Bahiturik, isolaturik, azken arnasetan non eta nola zegoen senideei informazioa ukatuz. Baita hil geroztik ere, maltzurki'', gaineratu du kolektiboak.
''Bi heriotz berri, espetxe politikaren zerrenda luzean. Eri ziren biak, espetxe politikak erail ditu biak. Espetxe politika hiltzailea baita. Sakabanaketa hiltzailea baita'', idatzi du presoen kolektiboak bi heriotzen inguruan.
''Heriotza-zigorrak arduradun zehatzak ditu: Estatuen gerra estrategian murgildurik dirautenak. Euskal presookin politika kriminala gauzatzen jarraitzen dutenak. Gatazka politikoa eta bere ondorioak ETAri leporatzen diotenak'', gaineratu du.
''Egoera politikoa larria da konponbide demokratikoaren alde gaudenontzat, gatazka luzatzeko arriskua handia baita'', ohartarazi du Euskal Presoen Politikoen Kolektiboak bere idatzian.