Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
'CAN auzia desbideratzeko' atera dute Barkosen berria Bujandaren ustez
Uxue Barkosek Diputatuen Kongresuan akzioduna den Euskalerria Irratirako 150.000 euroko diru laguntza eskatu zuela kaleratu du Diario de Navarrak, kargu publikoek hori ezin dutela egin azpimarratuz.
Erredakzioa
Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariaren ustez, "Nafarroako eskuinak egoera larria bizi du" eta Diario de Navarrak 'CAN auzia' "desbideratzeko" kaleratu du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuaren inguruko informazioa.
Uxue Barkosek 2012an Euskalerria Irratiko 200 akzio erosi zituela argitaratu du astelehen honetan Diario de Navarrak eta Diputatuen Kongresuan akzioduna den enpresa horretarako 150.000 euroko diru laguntza eskatu zuela azpimarratzen da bertan, kargu publikoek horrelakorik ezin dutela egin nabarmenduz.
Informazio horren harira, Mikel Bujandak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean "Nafarroako eskuinak egoera oso larria" bizi duela esan du Nafarroako Kutxan jasotako dieten harira, eta hori dela eta, "fokoa batere mamirik ez duten gaietan" jarri nahi dutela nabarmendu du, "egiazko arazoetatik desbideratuz".
Bujandak aitortu du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak "beste askok bezala" dirua eman duela Euskalerria Irratiari laguntzeko, baina, 'inor ez da aberats egiten Euskalerria Irratiaren akziodun izanda', azpimarratu du, "dirua jaso baino eman egiten delako". Hala, irratiak finantzazio mailan dituen zailtasunak "jakinak" direla gaineratu du.
Halaber, Diario de Navarrako arduradunak 'CAN auzia'rekin "oso nahasita" daudela gaineratu du Bujandak.