Politika -
Bilera sekretua
Rubalcabak 'elkarbizitzarako formula' bilatzeaz hitz egin zuen Masekin
PSOEren buruak "Kataluniarekin elkarbizitzarako formula bat aurkitzeko elkarrizketak" abiatu nahi dituela helarazi zion presidente kataluniarrari.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak baieztatu egin du bilera sekretua egin zuela igandean Artur Mas Kataluniako presidentearekin eta Pere Navarro PSCren buruzagiarekin. Bilera horretan "Kataluniarekin elkarbizitzarako formula bat aurkitzeko elkarrizketak" abiatu nahi dituela helarazi zion presidente kataluniarrari.
Onda Ceron egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, oraindik desadostasunak ditu Masekin eta Navarrorekin erabakitzeko eskubidearen inguruan, baina "inora ez daraman" eztabaida denez eta "adostasunerako aukerarik ez" dagoenez, nahiago omen du "gaia sakonean aztertu".
Rubalcabaren esanetan, aurrerapausoak eman nahi ditu Espainiaren eta Kataluniaren arteko elkarbizitzan, elkarrizketarako zubiak eraiki eta konstituzioaren erreforma bat adostu lurraldeen egitura arazoak konpontzeko.
"Masi eta Kataluniari duela 35 urte egindako berbera eskaintzen diet, elkarrizketaren bitartez erosoago sentituko garen sistema bat bilatzea, sistema horrek Espainia osoari eragingo diola kontuan izanda", gaineratu du.
Rubalcabak azaldu duenez, 35 urteotan balio izan duen eredua berrikusteko garai da eta horretarako, "Kataluniarekin hitz egin behar da, eta ulermenerako formulak bilatu.