Politika -
Apirilaren 18an
Barcinaren aurkako zentsura-mozioari babesa emango dio Geroa Baik
Nahiz eta aldeko botoa eman, ekimenak "Nafarroako gizartean frustrazioa" sortu dezakeela ohartarazi du koalizioko Batzorde Iraunkorrak.
Erredakzioa
Bilduk eta Aralar-NaBaik Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen aurka aurkeztutako zentsura-mozioa babestuko duela iragarri du Geroa Baik, baina UPNren Gobernuari alternatiba bat emateko balio ez izatea deitoratu du.
Geroa Baiko Batzorde Iraunkorrak zentsura-mozioaren alde botoa ematea eta hauteskundeen aurrerapena eskatzea adostu du gaur. Mozioa apirilaren 18an eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan.
Nahiz eta aldeko botoa eman, "Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako zentsura-mozioa hauteskundeak aurrreratzeko tresna izango ez" dela onartu du koalizioak, eta ekimenak "Nafarroako gizartean frustrazioa" sortu dezakeela ohartarazi du.
Kritikak, PSNri eta Bilduri
"Hasieratik porrot egin behar zuen zentsura-mozioa izan da, inoiz ez baitu aurrera ateratzeko behar beste babes izan", esan du koalizioak agiri batean, Nafarroako sozialisten jarrera kritikatuz. PSNk mozioa babestuko ez duela iragarri du.
PSN eta Bildu kritikatu ditu "akordio bat lortzeko edo adostasun puntu bat ezartzeko" gai ez direlako; hala ere, Geroa Bairen esanetan, horrek "ez die akordioak lortzeko gogoa kendu behar". Ildo horretan, adostasunak lortzeko eta UPNri alternatiba bilatzeko lanean jarraitzeko eskatu die indar aurrerakoiei.
Halaber, "hauteskundeak aurreratzea" beharrezkoa dela uste dute, "inoiz baino oinarrizkoagoa eta derrigorrezkoagoa baita alternatiba trebea eta tinkoa eratzeko lan egitea".