Politika -
Segurtasun Pribatuko Legea
Kontrol gehiago jarriko zaizkie detektibeei, eta espioitza mugatuko da
Kataluniako ustezko espioitza politikoaren kasuak araudian aldaketak egitera bultzatu du Espainiako Gobernua.
Erredakzioa
Ministro Kontseilua Espainiako Segurtasun Pribatuko Legearen aurreproiektu berria izapidetzen hasiko da ostiral honetan. Kataluniako ustezko espioitza kasuak araudian aldaketak egitera bultzatu du Espainiako Gobernua, eta detektibe pribatuen jardunari mugak jartzea eta zenbait kasutan espioitza debekatzea du helburu lege berriak.
Gai horiek arautzen dituen legea 1992koa da, eta hainbat aldaketa proposatu ditu Espainiako Gobernuak sektorea egungo egoerara moldatzeko; izan ere, azken urteetan asko hazi da. Halaber, teknologia berrietara egokitu behar dutela uste du Gobernuak.
Jorge Fernandez Diez Espainiako Barne ministroak lege berriaren gaineko xehetasunak eman zituen martxoaren 12an Diputatuen Kongresuko batzorde batean. Bertan azaldu zuenez, lege berriak detektibe pribatuei eragingo die, eta horien jardunari mugak jartzea izango du helburu.
Hala, detektibe pribatuek "zuhurtziaz" aritu beharko dute ikerketa egiten ari diren bitartean, eta, besteak beste, kasu bakoitzean egiten ari diren lanaren zilegitasuna zaintzeko ardura izango dute. Halaber, ikerketa bakoitza Estatuko segurtasun indarren esku egongo den liburu batean erregistratu beharko dute, eta txosten bat egiteko betebeharra izango dute.
"Lege berriak ez du inola ere segurtasun publikoaren pribatizazioa ekarriko", Jorge Fernandez Diezen hitzetan.