Politika -

Helegitea Konstituzionalean

Eusko Jaurlaritzak auzitara eraman du denden ordutegia eta ordainsaria

Langile publikoei eta denden ordutegiei eragiten dien Rajoyren aurrekontu-egonkortasunerako lege-dekretuak "hainbat eskumen esklusibo bereganatzen ditu", Jaurlaritzaren esanetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Egonkortasunerako lege-dekretuaren aurkako helegitea aurkeztuko du Jaurlaritzak

0:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Gobernuaren aurrekontu-egonkortasunerako lege-dekretuaren aurkako helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzak. Dekretu horrek bertan behera utzi zuen Euskadiko langile publikoen aparteko soldata, eta dendetako ordutegien liberalizazioa ezarri zuen. Jaurlaritzaren esanetan, lege-dekretu horrek "EAEko hainbat eskumen esklusibo bereganatzen ditu".

Errekurtsoa aurkezteko epea gaur amaitu da, eta Jaurlaritzak erabaki hori hartu du Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebiko Batzordean akordiorik lotu ez dutelako, Administrazio Publiko eta Justizia Sailak jakinarazi duenez.

Gauzak horrela, bost artikuluren aurkako helegitea aurkeztu du, tartean, funtzionario publikoen aparteko soldatari eta egun libreei, eta denden ordutegien liberalizazioari buruzko artikuluak.

Langile publikoak

Funtzionarioei dagokionez, 20/2012 Errege-Dekretuaren 2., 8. eta 10. artikuluak auzitara eraman ditu Jaurlaritzak. 2. artikuluaren ondorioz, EAEko funtzionarioak 2012ko abenduko aparteko soldatarik gabe geratu ziren. Eusko Jaurlaritzaren aburuz, artikulu horrek "langile publikoei ordaintzeko gaitasun esklusiboa urratzen du".

Bestalde, 8. eta 10.artikuluak Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48. eta 50. artikuluak aldatzen ditu, "Jaurlaritzak saila antolatzeko gaitasuna urratuz".

Denden ordutegiak

Denden ordutegien liberalizazioa ere auzitara eraman du Urkulluren Exekutiboak. Horrela, 27. eta 28. artikuluen aurkako helegiteak aurkeztu ditu, "dendak irekitzeko ordutegia ezartzea Jaurlaritzaren esku bakarrik dagoelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea