Politika -
Elkarrizketa
Arbelaitz: 'Ez nengoen eurekin eserita; bazekiten kazetaria nintzela'
Lander Arbelaitz kazetariak hasieratik prentsa txartela erakutsi zuela berretsi du, "banekien hor egoteko eskubidea nuela; ezkerreko eskuan txartela eta eskuinekoan mugikorra nuen, nire lan tresna".
Erredakzioa
Ertzaintzak joan den ostiralean Donostiako Boulevardean, Segiko sei kide atxilotzeko operazioan, Lander Arbelaitz Argiako kazetariarekin izandako istiluen ostean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan azalpenak eman ditu eta hasieratik prentsa txartela erakutsi zuela berretsi du.
Segurtasun Sailak Arbelaitz kazetarien gunetik kanpo zegoela esan du, "horrela da, baina ni albistea noiz gertatuko zain nengoan", zehaztu du Arbelaitzek. "Hala ere, Ertzaintzak megafonotik ez zuen kazetariekiko ezer esan", argitu nahi izan du.
"Ertzaintza etorri zenean ni lehenengo ilaran nengoen grabatzen. 'De aquí no pases' (hemendik ez zaitez pasatu) esan zidaten", kontatu du. "Hor nengoen grabatzen, eta ertzain bat zuzenean nire bila etorri zen", gaineratu du. "Niri ez zidan inork esan bertatik joan behar nuela. Ez ziguten kazetari guztioi esan", berretsi du.
Kazetari txartela erakutsi zuela ziurtatu du. "Hasieratik txartela erakutsi nuen eta egunero egon nintzen blogerako lanean. Hasieratik nire burua identifikatu nuen. Bideoan ikusten da", esan du. "Nik banekien nik hor egoteko eskubidea nuela; ezker eskuan txartela eta eskuinekoan mugikorra, nire lan tresna, nituen, bideoak sareratzen ari bainintzen", azaldu du.
Lander Arbelaitz 'Argia'ko kazetari eta Aske Guneko komunikazio taldeko kideak agenteek lurrera bota zutela eta sakelako telefonoak ere lurrean bukatu zuela salatu du, baita, oro har, lan egiteko zailtasunak izan dituela ere; Aske Gunetik kronika idatzi du egunero, Taupadak blogean.
Segurtasun Sailak esandakoari aipamen egin nahi izan dio; izan ere, Segurtasun Saileko iturriek EiTBri jakinarazi ziotenez, "kontzentrazioan jarraitzea erabaki zuen, eta, beraz, Ertzaintzak gainontzeko guztiak bezala ateratzea erabaki zuen". "Segurtasun Sailari esan nahi diot gezurrik ez esateko. Bideoan frogatzen da dena, ni prentsa txartela eskuan nuela ibili nintzen", azpimarratu du.
"Ertzainek esaten dute hor zeuden guztiak ateratzeko joan zirela. Baina ni ez nengoen hor barruan eurekin eserita, ni grabatzen ari nintzen, eta beraiek bazekiten kazetaria nintzela, gaiaren jarraipena egiten egon nintzelako", ondorioztatu du.
Azkenik hunkituta azaldu da jasotako babes mezuengatik, eta ez daki salaketa aurkeztuko duen ala ez: "Pentsatuko dut, baina Segurtasun Sailak ez dezala gezurrik esan; nik prentsa txartela eskuan nuen", berretsi du.