Politika -
Zaragozan eta Murtzian
Al Kaidako bi ustezko kide atxilotu dituzte Espainian
Zaragozan atxilotutako 23 urteko gaztea eta Murtzian atxilotutako 52 urteko gizonezkoa Magreb Islamiarreko Al Kaidako kideak direla pentsatzen dute.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak Magreb Islamiarreko Al Kaidako bi ustezko kide atxilotu ditu gaur Murtzian eta Zaragozan, terrorismoaren kontrako indarretako iturriek jakitera eman dutenez.
Barne Ministerioaren esanetan, atxilotuek "duela gutxi" Bostongo maratoian "sarraski terrorista egin duten bi pertsonen antzeko profila dute".
Urtebete baino gehiago zeramatzaten Espainiako segurtasun-indarrak eta Frantziako eta Marokoko inteligentzia zerbitzuek lankidetzan operazio honetan.
Ikerketen arabera, atxilotutakoak magrebtarrak dira eta AQMI (Magreb Islamiarreko Al Kaidako) taldearekin lotura omen duen muturreko talde baten ustezko kideak dira. Hala ere, Auzitegi Nazionaleko iturriek zehaztu dutenez, ezin da ziurtatu Magreb Islamiarreko Al Kaida taldeko kideak direnik.
Ostegunean pasatuko dira Pedraz epailearen aurretik. Bi atxilotutakoen profila, Bostongo atentatua egin zuten bi susmagarrien antzekoa dela dio Barne Ministerioak, nahiz eta Auzitegi Nazionalak ez duen berretsi eurekin lotura dutenik.
Atxilotutakoak Nou Mediouni 23 urteko gaztea eta Hassan El Jaaouani 52 urteko marokoarra dira. Lehenengoa Aljeriakoa da eta informatika ikasketak egiten ari zen. Muturreko ideologia islamiarreko plataforma ezagun bateko ohiko kidea zen. Foro horretan erreklutatu omen zuten eta AQMI taldeak zuzendutako Mali iparraldeko entrenamendu gune batera bidali zuten.
Hassan El Jaaouani Murtzian atxilotu dute. Ohiko delinkuentziarekin lotzen du Barne Ministerioak eta egun, langabezian zegoen. Maliko AQMI taldeko kide berekin harremanetan jarri omen zen atxilotutakoa, eta kontaktu horietako bat, 2011ko urtarrilean Nigerren gertatu zen Frantziako bi herritarren hilketarekin lotuta dago.