Politika -

Elkarrizketa

Euskadin PPren buru gisa jarraitzea eskatu dio Oyarzabalek Basagoitiri

Iñaki Oyarzabal kritiko mintzatu da lehendakariarekin,'Aurrekontuak eztabaidatzeko egun garrantzitsuenetan Euskaditik kanpo dagoelako'. Kontuak onartzeko nahikoa ez egitea egotzi dio EAJri PPk.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Alderdi Popularreko presidente izaten jarraitzeko eskatu dio Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak Antonio Basagoiti egungo buruzagiari. Oyarzabalen iritziz, Basagoitik gidatu behar du proiektua, eta ukatu egin du alderdi barruan Oyarzabal ordezkatzeko liskarrik egotea.

"Basagoiti gogotsu eta indartsu dago, eta etorkizunean ere alderdia zuzentzeko nahikoa babes dauka. Basagoitik gidatzen duen taldeko kide sentitzen gara guztiok", nabarmendu du Oyarzabalek Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Aurrekontuak onartzeko nahikoa ez egitea egotzi dio EAJri

Iñaki Oyarzabalen iritziz, argi geratu da EAJk negoziaziorako duen borondate eza, "Aurrekontuak eztabaidatzeko egun garrantzitsuenetan lehendakaria Euskaditik kanpo dagoelako". Buruzagi popularraren iritziz, Eusko Jaurlaritzak atera behar ditu aurrera Aurrekontuak, eta gobernatzen ari dena da erantzulea.

"Gobernuak ez du bere esku zegoen guztia egin Aurrekontuak onartzeko, eta ez du adostasunak lortzeko borondaterik izan", nabarmendu du. Halaber, Bilduk eta PSE-EEk hasieratik kontrako jarrera erakutsi izana salatu du. Oyarzabalen esanetan, "gobernatzen ari denak du Aurrekontuak aurrera ateratzeko betebeharra eta eginkizuna".

Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea

Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak asteazken honetan jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz ez dute Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldean parte hartuko, baina ez du baztertu etorkizunean iritziz aldatzerik. Halaber, inor ez bada "ausartzen" Bilduri esan behar zaiona esaten, popularrak arduratuko omen dira zeregin horretaz.

Atsekabetuta mintzatu da Oyarzabal, "ezker abertzaleak ETAren jarduna justifikatu eta preso politikoez hitz egiten badu ere, EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri aurre egiteko adorerik ez dutelako".

Oyarzabalek adierazi du askotan Alderdi Popularra dela EH Bilduri aurre egin eta horien jarrera salatzen duen bakarra. "Maiz, Bilduren atzetik arrastaka joaten dira EAJ eta PSE-EE. Ez dira Bilduri aurre egiteko gai, eta askotan PP da ausartzen den bakarra", gaineratu du.

Popularraren iritziz, Batasunak ETAren jarduna justifikatzen zuen garaiko diskurtso bera darabil orain EH Bilduk, eta elkarbizitzaz hitz egiteko gogo gutxi dutela iritzi dio.

Hori dela eta, popularrek lanean jardungo dute "EAJ eta PSE-EE, EH Bilduren olatuan erori ez daitezen".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea