Politika -
Egonkortasunerako ituna
PSE-EE eta PP EAJrekin 'ituna egiteko irrikaz' daudela dio UPyDk
Maneiroren iritziz, EAJk eta PPk Aurrekontuak batera sinatu izan balituzte "pozez zoratzen egongo lirateke, baina UPyDren babesa behar zuten, eta gure botoa ez da oparitzen".
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak esan duenez, PSE-EE eta PP EAJrekin "ituna egiteko irrikaz" daude, "ez batak eta ez besteak ez dutelako nazionalismoaren egiazko alternatiba ordezkatzen".
Legebiltzarrean eman duen prentsaurrekoan, Aurrekontuen proiektua bertan behera utzi eta gero Iñigo Urkullu lehendakariak sozialistei eta popularrei eskaini dien egonkortasunerako itunaz mintzatu da.
"Bihotzez" eskertu die Maneirok jeltzaleei euren alderdiarekin ituna egitea baztertu izana; izan ere, horren iritziz, "egun, EAJren nazionalismoaren oposizio argiena UPyD dela frogatzen da horrela".
Maneirok ez du uste Urkulluk itun hori sinatzeko arazorik izango duenik, PP eta PSE-EE "irrikaz" daudelako.
Bestalde, UPyDk Legebiltzarrean interpelazio bat erregistratuko duela esan du, itun horrekin lortu nahi dutena azaltzeko.
UPyD alderdiak itunarekin bat egiteko horrek zer izan beharko lukeen galdetuta, "Euskadik behar dituen erreforma guztiak" aintzat hartu beharko lituzkeela esan du, besteak beste, erakunde sarearen aldaketa, iruzurraren aurkako plan bateratu bat eta EAJk estatus politiko berriaren ideia baztertzea.
Aurrekontuen proiektua bertan behera geratu eta gero, Maneirok ukatu egin du bere alderdiak "boikota" egin izana eta euren ideiak "koherentziaz eta irmotasunez" defendatu baino egin ez duela esan du.
Azkenik, "EAJ poz-pozik egongo litzateke PPk Aurrekontuak sinatu izan balitu, baita popularrak ere", baina UPyDren babesa behar zutela ekarri du gogora, "eta gure botoa ez da saltzen, ezta oparitzen ere", azpimarratu du.