Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Amaiurrek talde propiorik gabe jarraituko du Diputatuen Kongresuan
Koalizioko zazpi diputatuek aurkeztutako helegitea atzera bota du Auzitegi Konstituzionalak. Onintza Enbeita Amaiurreko bozeramailearen ahotan, "erabaki politiko eta bidegabea da".
Erredakzioa
Amaiurreko zazpi diputatuek aurkeztutako helegitea atzera bota du Auzitegi Konstituzionalak, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Konstituzionalak oso labur azaldu du ebazpenaren zergaitia. Epaitegi goren horren arabera, Amaiurrek Kongresuan talderik gabe egoteak ez du eskubideren urraketarik ekartzen.
"Erabaki politiko eta bidegabea" dela salatu du Onintza Enbeita Amaiurreko bozeramaileak. "Talde propiorik ez izatea Amaiur kaltetzen du ekonomia arloan, baina hori kalterik txikiena da", azaldu du Enbeitak, "gure lan politikoa gehien zailtzen duena talde mistoko gainerako kideekin parte-hartzerako denbora partekatu behar izatea delako".
Bi hamarkadaz Kongresutik kanpo egon ostean, 2011ko hauteskunde orokorretan ezker abertzaleak aurrekaririk gabeko ordezkaritza lortu zuen. Hala ere, PPren gehiengoak, PSOEren eta CIUren abstentzioak lagunduta, talde propioa sortzea galarazi zuen, Amaiurrek bozen % 15a lortu bazuen ere, boto horiek EAEn bakarrik eskuratu zuela argudiatuta (Nafarroako Foru Erkidegoan koalizioak jesarleku bakarra lortu zuelako).