Politika -
Europari eskaera
Estaturik gabeko nazioak aitortzeko mekanismoak eskatu ditu EAJk
Andoni Ortuzarren iritziz, mundu mailako gobernantza eredu berri baten aurrean gaude, eta independentzia nazionalaren kontzeptua garai berrietara eta erakundeen egitura berrietara egokitu behar da.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak estaturik gabeko nazioak aitortzeko, eta, Europaren baitan sujetu politiko berriak egotea bermatzeko, mekanismo juridiko berriak bultzatzeko eskatu dio Europari.
Sabino Arana Fundazioak "Europar Batasuneko identitateak eta aniztasuna" jardunaldiaren aurkezpena egin du gaur Bilbon, eta bertan izan da Ortuzar. Horren ustez, erronka globalei aurre egiteko txikiegia da nazio-estatua formula, eta handiegia hiritarren oinarrizko beharrei erantzuteko. Gaineratu duenez, mundu mailako gobernantza eredu berri baten aurrean gaude, eta independentzia nazionalaren kontzeptua garai berrietara eta erakundeen egitura berrietara egokitu behar da.
Gutxiengo nazional edo kulturalen eta estaturik gabeko nazioen arteko ezberdintasunak izan ditu hizpide Ortuzarrek. Horren esanetan, lehenengo horiek inperio edo gerren ondorio dira, eta beren identitatea bermatzeko estatus politikoa eskatzen diote Gobernuari. "Hori dela eta, gutxiengoen eskubideak errespetatzea ezinbestekoa da Estatuaren baitan elkarbizitza bermatzeko", gaineratu du.
Bestalde, estaturik gabeko nazioez ere hitz egin du. "Europako nazio historiko gehienek hizkuntza eta nortasun propioa dute, historia luzea dute, autogobernurako aukera ere badute, eta autodeterminazio eskubidea izatea eskatzen dute". EBBko presidentearen iritziz, identitate nazionalak errespetatu egin behar dira, eta elkarrizketa da "gatazka" horiek konpontzeko giltza.
Hala, Europar Batasuneko "errealitate nazionalak" aitortzeko eskatu dio Europari, horretarako beharrezkoak diren mekanismoak onartuta. "Kopenhageko irizpideak" erabiltzeko deia ere egin dio Europari.