Politika -
Batzarra Bilbon
Bakearen Aldeko Koordinakundeak bere desegitea iragarri du
Ia aho batez hartu dute erabakia. Batzarrean parte hartu duten ordezkarietatik 150ek aldeko botoa eman dute, eta bostek abstentziora jo dute.
Bakearen Aldeko Koordinakundeak desegitea erabaki du, 28 urtez bakearen eta giza eskubiden alde lan egin ondoren.
Ezohiko Batzarra egin dute gaur Bilbon, eta ia aho batez hartu dute erabakia, izan ere, bozketan parte hartu duten ordezkarietatik 150ek aldeko botoa eman dute, eta 5ek abstentziora jo dute.
Halaber, ekainaren 1ean amaiera jaia egingo dutela iragarri dute. Gaineratu dutenez, laster emango dituzte jai horren inguruko xehetasunak.
2011ko urrian ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri eta gero, gogoeta hasi zuen koordinakundeak jardunarekin jarraitu ala ez erabakitzeko.
Indarkeriaren amaieraren "azken helburua" lortu delako "zorionez" erakundearen desegitea mahaigaineratu ahal izan dutela adierazi dute Bakearen Aldeko Koordinakundeko ordezkariek euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako ohar batean.
Hala ere, oraindik "lan garrantzitsuak" egiteke daudela zehaztu dute, horien artean, "ETA behin betiko desegitea ordainetan ezer eskatu gabe, indarkeriak eragindako biktima guztiak onartzea eta presoen trataera gizatiartuko duen espetxe politika ezartzea".
Hori lortzeko, ezinbestekoa izan da kontzientziazio lana eta gizarteak ETAren kontra agertu duen jarrera, Itziar Aspuru koordinakundeko kideak adierazi duenez.
Presoen gizarteratzea kasuz kasu aztertu behar dela uste koordinakundeak, eta baldintza gisa egindako kaltea aitortzea jarri du. Horren ustez, normaltasunez aplikatu behar da egungo legedia, eta presoak gizatasunez tratatu behar dira.
Halaber, ETA zein GAL taldeen biktimak, eta beste talde terroristek eta Segurtasun indarrek hildakoak ere aitortzeko eskatu du Bakearen Aldeko Koordinakundeak.
Batzorde bat eratu dute koordinakundearen itxiera gauzatzeko, eta haren ondarea kudeatzeko.