Politika -
Plana
Sortu: 'Gobernuak mugiarazteko akordio politiko bat beharrezkoa da'
Krisi ekonomikoaren aurrean, Sortuk "emergentziazko plan nazional bat" duela esan du Alvarezek eta "alderdi politiko guztiekin" negoziatu nahi dutela azaldu du.
Erredakzioa
"Krisitik ateratzeko emergentziazko akordio nazionala" beharrezkoa dela esan du Joseba Alvarez Sortuko buruzagiak, baina baita "akordio politikoa ere; gatazkaren behin betiko irtenbidearen prozesuan Gobernuak mugiarazteko", adierazi du.
Sortuk Donostian egindako ekitaldi baten hitz egin du Alvarezek, alderdiak Gipuzkoako hiriburuan dituen erronkak ezagutarazteko.
Ildo horretan, Sortuk Donostian duen bozeramaileak esan duenez, "gutxienez indar abertzaleen artean akordio politiko bat lortzea beharrezkoa da", Euskal Herria "ondorioen arloan, baita jatorriarenean ere, gehiengoak nahi duen helmugara eramateko" esan du, "erabakitzeko eskubidea eta herrialde gisa onartzea aintzat hartuta".
Krisiaren aurrean, Sortuk "emergentziazko plana" duela azaldu du Alvarezek eta alderdi guztiekin negoziatu nahi duela azpimarratu du.
"Gu ez gaude gizarte arloko murrizketen alde, ezta enplegu politiketan, etxebizitza politiketan, kulturan edo euskaran murriztearen alde ere", adierazi du.
Bestalde, EAJri kritika egin dio eta Legebiltzarrean "porrot politikoa" izan duela esan du, Aurrekontuen proiektua onartzea lortu ez duela aipatuz.
"Aurrekontuak segituan onartuko zituztela zin egi zuten, eta segituan lortu duten gauza bakarra, lehen porrot politikoa izan da", azpimarratu du.
EAJren buruzagien adierazpenak kritikatu ditu "komunikabideen aurrean egoteko irrikaz daudelako, eta aurretik beharrezkoa den sukaldeko lana egin gabe bilerak deitzen dituzte", kritikatu du.