Politika -
Poliziaren arabera
PPko gobernuek emaileei 12.000 milioiko kontratuak eman zizkieten
Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren kontabilitatean agertzen diren enpresa-emaileek 12.000 milioi euroko kontratuak jaso zituzten 2001etik 2012ra arte, UDEFen arabera.
Erredakzioa
Luis Barcenas Alderdi Popularreko altxorzain ohiaren kontabilitatean agertzen diren enpresa-emaileek 12.000 milioi euroko kontratuak jaso zituzten 2001etik 2012ra arte PPk gobernatutako administrazio publikoen eskuetatik.
Polizia Nazionalak UDEFen txostena igorri dio Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileari. "19 emaile identifikatzen" ditu txostenak, besteak beste, Ruz epaileak inputatutako bederatzi enpresaburuak. Horietatik 16k ustez Hauteskunde-legea urratu zuten; izan ere, 60.000 euro baino gehiagoko ekarpenak egin zizkioten PPri.
Constructora Hispanica, OHL, Sando, Sacyr, Azvi eta Aldesa konpainiek "ekarpen bat baino gehiago" egin dituzte, UDEFek azaldu duenez. Sedesa, Copasa, Copisa, FCC, Urazca eta Rubau enpresek, aldiz, "une batean egin dituzte soilik".
Era berean, Juan Jose Roig (Mercadona), Joaquin Molpeceres Sanchez (Licuas), Jose Antonio Romero Polo (Grupo Jose Antonio Romero Polo), Ignacio Javier Lopez del Hierro (Constructora Continental), Antonio Pinal (Grupo Bruesa), Pablo Crespo (Special Events) eta Camilo Jose Alcala Sanchez (Cyopsa-Sisocia) enpresaburuak emaileak direla adierazi du UDEFek.