Politika -
Kontrol saioa
Fabra: 'Metroa hainbat aldiz pasatu da hortik eta ez da deus gertatu'
Generalitateko presidenteak 2006ko uztailaren 3an gertaturiko metro istripuaren inguruko galderei erantzun behar izan die Valentziako Parlamentuan.
Erredakzioa
Alberto Fabra Valentziako Generalitateko presidenteak 2006ko uztailaren 3an gertatutako metro istripuaz hitz egin du ostegun honetan Valentziako Parlamentuan. Azaldu duenez, metroa askotan igaro da istripua gertatu zen tokitik, eta ez da ezer gertatu. Aipaturiko istripuan, 43 lagun hil ziren.
PSPV-PSOE eta Esquerra Unida alderdiek istripua ikertzeko batzordea irekitzeko eskatu diote Fabrari. Ikerketan iruzurra egon zela salatu dute bi alderdi horiek, eta erantzukizun politikoak eskatu dituzte. Halaber, Valentziako Generalitatean isiltasunaren estrategia aplikatu zuela salatu dute.
Ikerketa berriz irekitzeko "froga berriak" daudela azaldu du oposizioak. Valentziako metroko Segurtasun arduradun ohiak "Salvados" telebista saioan adierazi zuenez, ikerketa batzordean parte hartu zuten teknikariei zer erantzun behar zuten esan zieten. Adierazpen horien harira Fabrak esan du Segurtasun arduradun ohia minduta dagoela, lan erregulazioko txostena ezarri diotelako.
Fabraren iritziz, "kasua itxita dago epaitegietan", eta itxitako zauriak ez irekitzeko eskatu dio oposizioari. Epaileek erantzukizunak aspaldi zehaztu zituztela gaineratu du. "Epaiketan argi gelditu zen istripuaren arrazoia gehiegizko abiadura izan zela", azaldu du.
Canal 9 telebista kate publikoan zentsura informatiboa egotea ukatu du Fabrak: "Istripuaren osteko egunetan zuzeneko informazioa eskaini zuen kateak". "Mamuak" ez ikusteko eskatu dio Fabrak oposizioari, eta biktimen sentimenduekin jolastu nahi izatea egotzi die alderdiei.
Antonio Tarres PSPV-PSOEko bozeramailearen esanetan, ikerketa batzorde berri bat egitea merezi dute biktimek. Bestalde, Esquerra Unidak zauria itxi gabe dagoela nabarmendu du, eta egia eta justizia eskatu ditu biktimentzat.