Politika -

Euskadiko PPren buruzagitza

Arantza Quiroga: Politika munduari eta erlijioari lotuta, oso gaztetik

19 urterekin abiatu zuen ibilbide politikoa, eta zinegotzia, legebiltzarkidea eta Legebiltzarreko presidentea izan da. Bost seme-alaba ditu eta Opus Deitik gertu da.

Arantza Quiroga izango da Euskadiko PPren presidente berria. EFE
Arantza Quiroga izango da Euskadiko PPren presidente berria
Arantza Quiroga, PPren adar kontserbadorea

0:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga izango da Euskadiko PPren presidente berria. Alderdiko buruzagiek aho batez babesa eman diote hautagaitzari ostiral honetan, eta, hala, Antonio Basagoitiren lekukoa hartuko du.

Gazte gaztetik, politikarako zaletasuna erakutsi zuen Quirogak. Irunen (Gipuzkoa) jaio zen, 1973an, eta Zuzenbidean lizentziatua da. Bost seme-alaba ditu (azkena orain hilabete jaio zen). Euskadira 14 urte zituela heldu zen bere aita, Valladolidetik; amak, berriz, euskaraz egiten zuen. Hala, euskara menderatu ez arren, ulertu ulertzen du PPko ordezkariak.

Politika ibilbidea 19 urterekin abiatu zuen, PPren belaunaldi berrietan. 1995ean Irungo zinegotzi aukeratu zuten, eta hiru urte geroago, legebiltzarkide. Azken lau legegintzaldietan izan da Arantza Quiroga Legebiltzarrean.

Legebiltzarreko presidentea

2009an, estreinakoz sozialista bat buru zuen Jaurlaritza berriarekin, Legebiltzarreko presidente izendatu zuten, PSE-EEk eta PPk lortutako akordioari esker. Izaskun Bilbao jeltzalearen tokia hartu zuen, eta Alderdi Popularreko Legebiltzarreko lehen presidentea izan zen.

PPn ibilbidea

Irunen zinegotzi zela, Jose Maria Aznarren agenda politikoan sartu zen Quiroga, eta, geroztik, eta kargu publikoetan erantzukizunak hartu ahala, indartuz joan da bere lekua Alderdi Popularrean: Gipuzkoako exekutiban hasieran, eta Euskadiko zuzendaritzan ondoren. Hala, Euskadiko Alderdi Popularraren idazkariorde nagusi izan ondoren, bi presidenteordetzatakoa batean dago egun.

Opus Dei

Politika mailan orain arte izan duen jarduera bizia ez da oztopo izan familia handia sortzeko. Opus Deitik gertu dago PPko kidea, eta familiaren kontzeptu katolikoaren defentsan sutsu aritu izan da Quiroga. Ildo horretan, gogoratzekoak dira antisorgailuen eta sexu bereko ezkontzen kontrako hitzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea