Politika -
Madrilen
25 urteko zigorra, ETAren estortsio gutun faltsuak bidaltzeagatik
Kondenatuak ETAkoa zela simulatzen zuen, eta 100 enpresabururi estortsio egiten saiatu zen.
Erredakzioa
Madrilgo Probintzia Auzitegiak 25 urte eta bost hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, ETAren izenean 100 enpresabururi estortsio gutun faltsuak bidaltzeagatik.
Nolanahi ere, kondenatuak gehienez zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra betetzea gomendatu du epaimahaiak, epaian.
Epaiaren arabera, kondenatuak hainbat gutun idatzi zituen Madrilen 2008. urteko urtarrilaren 2tik 8ra, eta ondoren hainbat enpresabururi igorri zizkien hilabete horretan bertan.
Gutunetan, "Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkaren erantzuleak" izatea egozten zien, eta ordaindu ezean, "ekintza armatuen helburu" izango zirela ohartarazten zien.
Gainera, telefono zenbaki bat helarazten zien, biktimek SMS bat bidal zezaten, aginduak jasotzeko.
Hain zuzen ere, 15.000 euro eskatu ohi zizkien enpresaburuei, baina batzuetan 20.000 eta 50.000 ere eskatu zituen.
2008. urteko urtarrilaren 15ean, Segurtasun Indarrek operazio bat abiatu zuten, biktimetako batek dirua entregatuko zuenean, erantzuleak atxilotzeko.