Politika -
Ostegunean
'Preso politiko' terminoaren erabilera eztabaidagai, Legebiltzarrean
PPren proposamen baten harira egingo dute eztabaida, Espainiako Estatuan "preso politikorik" ez dagoela baitiote. Alderdi guztiek aurkeztu dituzte proposamenaren kontrako zuzenketak.
Erredakzioa
"Preso politikoak" terminoaren erabileraren inguruko eztabaida egingo dute datorren ostegunean Eusko Legebiltzarrean, PPk egindako proposamen baten harira. Popularren proposamenak dio Espainiako Estatuan ez dagoela "preso politikorik", eta alderdi guztiek aurkeztu dituzte zuzenketak, arrazoi desberdinak medio.
Eusko Legebiltzarrak beste saio batzuetako polemikak berpiztuko ditu horrela. Izan ere, iragan martxoan atzeratu egin zuten bakerako lantaldearen sorkuntza, Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak "preso politikoak" aipatu ondoren sortu zen polemikaren ondorioz.
Gainera, aurreko astean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak hitza kendu zion Gorka Maneiro UPyDren bozeramaileari preso politikoen gaia atera zuelako, agerraldia beste gai batengatik izan behar zela argudiatuta.
Polemika hori dela eta, PPk legez besteko proposamena aurkeztu du, Eusko Legebiltzarrak "Espainian preso politikorik ez dagoela" adieraz dezan "argi eta garbi".
EAJren ustez, ordea, eztabaida hori bakerako lantaldera bideratu beharko litzateke, "lehentasunezkoa" irizten baitio horren inguruan "oinarrizko akordio batera iristea, bizikidetza sozial eta politikorako".
EH Bilduk, berriz, Eusko Legebiltzarrak Amnistia Internazionala erakundeak "preso politikoa"ri aitortzen dion esanahia bere egitea nahi du. Hori horrela, preso politikoa honakoa litzateke: "Preso izateko arrazoiaren atzean elementu politiko esanguratsua dagoenean".
PSE-EEk bere zuzenketan proposatu duenez, "Estatu demokratikoa den heinean, herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzen ditu" eta "ez dago preso politikorik".
UPyDrentzat "delitu" izan beharko litzateke "preso politikoak" daudela esatea, eta Zigor Kodean "krimen terroristak ukatzea" delitu gisa agertzea eskatzen du.