Politika -
Urtza Alkortaren atxiloketa
Urkullu: 'Ertzaintzaren jokabidea Ondarroan eredugarria izan da'
Horrez gain, euskal gizartea "beharrizanik gabe tenkatzea" leporatu dio lehendakariak ezker abertzaleari.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria pozik agertu da Ertzaintzak Ondarroan Urtza Alkorta atxilotzeko burutu duen operazioan izan duen jokabideaz. Horrelako kasuetan nola jardun behar den erakutsi dutela eta, beraz, Ertzaintzak jarrera "eredugarria" izan duela nabarmendu du.
Bestalde, ezker abertzaleak gisa honetako protestekin euskal gizartea "beharrizanik gabe tenkatzen" ari dela ere salatu du lehendakariak.
Urtza Alkorta atxilotzeko operazioan beste bi lagun atxilotu eta beste zortzi identifikatu ditu Ertzaintzak.
EH Bilduk gogor kritikatu du Ertzaintzaren jarrera; izan ere, Espainiako Auzitegietatik datozen epaiak beteta "Espainiako Poliziaren eskutik helduta" aritzea egotzi dio.
Kritika horien harira, lehendakariak arduraz jokatzeko eskatu dio ezker abertzaleari. Ertzaintzak "epaitegietatik heltzen diren ebazpen judizialak bete" egin behar dituela eta horixe baino ez duela egin nabarmendu du.
Ildo horretan, "ezker abertzaleak berak ere" ebazpen judizialak bete egiten dituela gogora ekarri du.
Donostian edo Ondarroan antolatutako protesta-ereduekin gizartea "inolako beharrizanik gabe tenkatzen" ari dela leporatu dio ezker abertzaleari.