Politika -

Ondarroa

Polemika Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean, Alkorta atzeman ostean

Jaurlaritzak euskal gizartean "tentsioa" sortzea egotzi dio ezker abertzaleari, eta EH Bilduk "Espainiako agintariei men egitea" Ertzaintzari.

"Herri harresia" egin duten zubia. EFE
"Herri harresia" egin duten zubia. EFE
Ertzaintzak Ondarroako 'herri harresia' desegin du

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polemika handia piztu da Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean, atzo Ertzaintzak Ondarroako (Bizkaia) Aske Gunean Urtza Alkorta atxilotu eta gero.

Auzitegi Nazionalak bost urteko espetxe zigorra ezarri zion gazteari, ETAren talde bati laguntzea egotzita. Nolanahi ere, bere aurkako froga bakarra "torturen bidez" lortutako aitorpen bat dela salatu du horrek.

Ertzaintzak atzo goizean atzeman zuen, hiru orduko operazio batean, atxiloketa galarazteko helburuz Zumardiko zubian "herri harresia" egin zuten ehunka pertsonak banan-banan atera eta gero.

Hori horrela, Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "Ertzaintzak Espainiako agintariei eta botereari men egiten" diela adierazi zuen.

"Herriak esan du nahikoa dela, atxiloketen zikloa amaitu dela eta horregatik Ertzaintzak hausnarketa egin behar du. Zeinen menpe dagoen ikusi behar du", gaineratu zuen. Mintegi Aske Gunean izan zen atzo, Alkortari babesa emateko, baina Zumardian izan zen, ez zubian.

Argi Ituarte herriko alkatearen (Bildu) esanetan, "Ondarroan guztiek ezagutzen dute" Urtza Alkortak egindako "lan politiko eta publikoa". "Militante politikoa delako atxilotuko dute Urtza", nabarmendu zuen.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailburuak gogorarazi zuenez, Ertzaintzak Urtza Alkorta atxilotzeko agindu judiziala bete egin behar izan zuen, eta protestariek "erresistentzia pasiboa" egingo zutela esan bazuten ere, askotan "erresistentzia aktiboa" izan zela deitoratu zuen.

Ezker abertzaleari ere zuzendu zitzaion, eta hausnarketa egiteko deia egin zion, "Ertzaintzari eta euskal gizarteari ez dagokien erantzukizuna ematen ari direlako".

Iñigo Urkullu lehendakariak txalotu egin zuen Ertzaintzaren lan "eredugarria", eta "inolako beharrik gabe" euskal gizartean "tentsioa sortzea" egotzi zion ezker abertzaleari.

Lehendakariak arduraz jokatzeko eskatu zion EH Bilduri, Ertzaintzak "epaitegietatik heltzen diren ebazpen judizialak bete" egin behar dituelako, eta "ezker abertzaleak berak ere" betetzen dituela gogorarazi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea