Politika -
Urkullu lehendakariari
Garitano: 'Agintari on batek ez ditu agindu bidegabeak betetzen'
Ondarroako operazioaren harira mezu hori igorri dio Gipuzkoako ahaldun nagusiak Urkulluri. "Preso politiko"en terminoaren erabileraren inguruan "gauzei nahi bezala" deitzeko askatasuna eskatu du.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "agintari on batek" ez dituela "agindu bidegabeak betetzen" esan dio Iñigo Urkullu lehendakariari atzo (asteazkena) Ertzaintzak Ondarroan Urtza Alkorta atxilotzeko egindako operazioaren harira.
Lehendakariak euskal gizartea "beharrizanik gabe tenkatzea" leporatu zion atzo ezker abertzaleari, eta horri erantzunez egin ditu adierazpen horiek Martin Garitanok Radio Euskadiko elkarrizketa batean.
"Preso politikoak"
ETAko presoei erreferentzia egiteko "preso politikoen" terminoaren erabileraren inguruan ere mintzatu da Garitano. Ostegun honetan, hain zuzen, terminoaren erabileraren inguruko eztabaida egingo dute Eusko Legebiltzarrean, PPk egindako proposamen baten harira, popularrek Espainiako Estatuan "preso politikorik" ez dagoela defendatzen dute.
Garitanoren iritziz, "inork ezin du eragotzi bakoitzak gauzei nahi bezala deitzea". "Preso politokoa" arrazoi politikoengatik "ekintza politiko edo armatu bat egin duen hura" dela adierazi du Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta "termino horren erabilerarekin mindua sentitu daiteke norbait", esan du Garitanok.
Jaurlaritzaren eta aldundien arteko bilera
Urkulluk joan den astean deitutako bileraren inguruan ere mintzatu da Garitano. Bilera hartan, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiak eta Eudeleko ordezkaria bildu ziren, eta EAJren arabera, akordio bat adostu zuten eta Garitanoren arabera, berriz, ez zen akordiorik izan. "Litekeena da gertatuko zenaren inguruan norbaitek aurretiaz gidoi bat idatzita izatea, eta hala ez izan arren, irakurri egin zuen", esan du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Halaber, Jose Luis Bilbaoren hitzak gaitzetsi ditu, Bilbaok polemika horren ondorioz, Garitano "gutxietsita" gelditu zela esan zuen eta "Permach komandantearekin" hitz egin beharko zutela esan zuen.
Garitanok adierazi du Bilbaorena bezalako adierazpenak "alderdien arteko ika-mika politikoaren" baitan egindakoak direla eta Permachi "ez hau ez ia ezer" ez diola kontsultatu behar azpimarratu du.
Hondakinak
Gipuzkoako hondakinen bilketaren inguruko polemikaren harira, Martin Garitanok eztabaida "faltsutzen" dela esan du, eztabaida hori, hain zuzen, hondakinen % 80 birziklatzea eta errausketa saihestea dela gogorarazi du.