Politika -
Politika utzi du
Basagoitik agur esan dio Eusko Legebiltzarrari
EAEko PPko presidente ohiak azken saioa egin du gaur, politika utzi eta Mexikora joan baino lehen.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidente ohiak agur esan dio gaur Eusko Legebiltzarrari, bertan azken saioa egin baitu gaur, politika utzi eta Mexikora joan baino lehen.
Basagoitik eskertu egin ditu alderdi "demokratikoek" helarazi dizkioten babes mezuak, eta errefusatu egin du EH Bildu agurtzea, "horrek esan behar baitio agur ETAri". Horren ildotik, ETA gaitzetsi arte ez duela koalizio abertzalea indar politiko "normal" bat balitz bezala tratatuko gaineratu du.
Buruzagi 'popular' ohiak "zortea" opa die politikan jarraituko dutenei, eta horiek txaloak merezi dituztela esan du, "baldintza zailetan" baitaude.
Basagoitiren esanetan, legebiltzarkide gisa izan duen poz handiena PSE-EErekin "EAJren alternatiba" osatzeko eta Patxi Lopez sozialista lehendakari izateko sinatutako akordioa izan zen.
Halaber, une txarrenak Bilduren eta Sorturen legalizazioak izan direla aipatu du. "Justifikaezina dena justifikatzen jarraitzen dute", deitoratu du.