Politika -
Politika utzi du
Legebiltzarreko alderdiek agur esan diote Basagoitiri
EAJk ''ihesaldi kutsua'' nabaritu dio erabakiari, eta EH Bilduk uste du PP barruan demokrazia falta dagoela. PSEk eskoltarik gabe askatasunaz gozatzeko aukera izatea opa dio.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidente ohiak agur esan dio Eusko Legebiltzarrari. Bere ibilbide politikoaren azken txanpan ere ezker abertzaletik aldendu nahi izan du Basagoitik, eta, hala, alderdi politiko guztiei esan die agur, EH Bilduri salbu, azken horrek lehenago ETAri agur esan behar diola argudiatuta.
Agurrekin jarraituz, Legebiltzarreko alderdiek ere agur esan diote Basagoitiri, eta EAJk eta EH Bilduk erabakiaren inguruko iritzia ere plazaratu dute. PSEk eskoltarik gabe askatasunaz gozatzeko aukera izatea opa dio, eta UPyDk, berriz, zorte ona.
EAJren ustez, ''ihesa'' da
Politika uzterako orduan Basagoitik izandako jarreran ''nolabaiteko ihesaldi kutsua'' nabaritu duela esan du Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Basagoitiren erabakiak ''ezustea'' eragin diola aitortu du jeltzaleak, ''bat-batean'' hartu baitu. "Nolabaiteko ihesaldi kutsua nabaritu diot; baina badakit ez dela hala izan'', azaldu du.
Basagoitiri zorte ona opa ondoren, Egibarrek esan du ''komunikatzeko modu berezi horrekin, espazio publikoan kokatzea bilatu izan duela gehiago, zoru politikoa sendotzea baino''.
EH Bilduren hitzetan, ''barne demokrazia falta'' dago PPn
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ''PP barruko demokrazia falta'' kritikatu du, eta Basagoiti ordezkatzeko prozesua ''presaz eta azkartasunez'' egin dela adierazi du. Arzuagak, dena den, ez du Basagoitiren inguruan iritzirik eman nahi izan.
Askatasunaz gozatzea opa dio PSE-EEk
Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkideak zortea eta arrakasta opa dizkio Basagoitiri, eta legebiltzarkide ohiak eta bere familiak eskoltarik gabe askatasunaz gozatzeko aukera izan dezatela espero duela esan du.
Legebiltzarrean egin duen agerraldian, Aresek ''merezi duen bezala'' agurtu nahi izan du Basagoiti, sozialisten izenean, eta ''pertsona ona'' eta ''politiko handia'' dela gaineratu du.
Aresek, hala, ere, ''zalantzak'' omen ditu Basagoiti berriz ere politikara itzuliko ote den, ''Bilboko politikari gisa garrantzitsuena egitea falta duelako: Bilboko alkatea izatea''. "Ez dugu baztertu behar horretara itzultzea'', gaineratu du.
UPyDk ''zorte ona'' opa dio
Gorka Maneiro UPyD alderdiko legebiltzarkideak ere ''zortea ona'' opa dio Basagoitiri, eta bere alderdiak ''gaizki pasarazi badio ere'' asmoa ez zela hori gaineratu du.