Politika -

Urtza Alkortaren atxiloketa

Covitek salaketa jarri dio Mintegiri, 'terrorismoa goratzeagatik'

Terrorismoaren Biktimen Euskal Herriko Elkartearen ustez, Alkortaren jarduna justifikatu zuen Mintegik, eta ''publikoki eskertu zuen ETAko kolaboratzailearen atxiloketa ekidin nahi zutenen lana''.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covite Terrorismoaren Biktimen Euskal Herriko Elkarteak Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidearen kontrako salaketa jarri du, Urtza Alkorta atxilotzeko Ondarroako operatiboan ''terrorismoa goratzeagatik'' eta ''Justiziari oztopo egiteagatik''.

Covitek komunikatu batean jakitera eman duenez, ostegun honetan aurkeztu du elkarteak salaketa penala, auzitegian. Coviteren hitzetan, Mintegik Alkortaren jarduna justifikatu zuen, ''herri honen eskubideen defentsa egiteagatik'' atxilotu zutela esanaz.

Covitek salatu duenez, ''banda armatuari laguntzeagatik zigortutako pertsona bat atxilotzeko Auzitegi Nazionalak emandako agindua betetzea oztopatu nahi zutenen artean'' zegoen Mintegi. Halaber, legebiltzarkideak komunikabideetan egindako adierazpenetan, ''publikoki eskertu zuen ETAko kolaboratzailearen atxiloketa ekidin nahi zutenen lana''.

Atxiloketa ekiditeko ekintzetan parte hartu zuten guztien kontra luzatu du salaketa Covitek, tartean Argia Ituarte Ondarroako alkatearen eta ezker abertzaleko zenbait kideren kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea