Politika -
Politika utzi du
Basagoiti: 'Egoera usteltzen ari zela ikusi eta prozesua azkartu nuen'
Euskadiko popularren presidente ohiak Quirogaren hautaketa nabarmendu du. Horren ustez, batasunaren hautagaia da, eta espero zitekeen ordezkoa.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko Alderdi Popularreko presidente ohiak jakinarazi duenez, politika utziko zuela iragarri zuenean, "egoera usteltzen hasi zela" eta alderdi barruan "nahasmena" sor zitekeela antzeman zuen, eta erreleboa aukeratzeko prozesua azkartzea erabaki zuen.
Horren hitzetan, duela hilabete batzuk hartu zuen politika uzteko erabakia, baina trantsizioa modu ordenatuan egiteko une egokiaren zain omen zegoen. "Orain zen horretarako momentua, bi urte falta baitira udal hauteskundeetarako", azaldu du.
"Nire erabakia pixkanaka-pixkanaka zabalduz joan zen, eta dakigun moduan, presidente batek ez duela jarraituko jakiten denean, jendea posizioak hartzen hasten da. Egoera usteltzen hasia zela konturatu nintzen, eta orduan erabaki nuen berehala egin behar zela erreleboa", gaineratu du.
"Nahasteak eta mugimenduak saihesteko, hartu nuen prozesua azkartzeko erabakia, izan ere, presidente berriak hasiera lasaia izatea nahi nuen", azaldu du. Horren ustez, helburua lortu du. "Adostasuna bilatu dut: aurrena alderdiko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presidenteekin, eta gero, Madrilekin. Quiroga proposatu dut, alderdiko presidenteorde izanik, ni ordezkatzeko hautagai logikoena zelako. Gainera, zentzu horretan, alderdiko estatutuak oso argiak dira.
EFE albiste agentziari egindako elkarrizketan batean nabarmendu duenez, ez da politikagintzara itzuliko etorkizunean. Orain, Mexikora joango da eta Santander bankuaren filial batean lan egingo du.
Arantza Quiroga
Arantza Quiroga Euskadiko popularren presidente berriaz ere hitz egin du Basagoitik. Horren ustez, "batasunaren hautagaia da, espero zitekeena eta aukeratu behar zena". "Ez da egun batetik bestera niri bururatu zaidan izena, eta gainera, Euskadiko PPren zuzendaritza batzordearen babesa jaso zuen", azaldu du.
Presidente berria berresteko kongresu bat egin behar den galdetuta, Basagoitik ez du iritzirik eman nahi izan. Hala ere, Quirogak kongresuak izan izango dela aurreratu duela nabarmendu du. Kongresu horretan Quirogak botoen % 92 jasoko duela iragarri du Basagoitik. "Zuzendaritza batzordeak aho batez onartu zuen bere hautagaitza, eta normalena babes zabala jasotzea litzateke.
Quiroga-Oyarzabal bikoteak ongi funtzionatuko du, Basagoitiren arabera. Halaber, ukatu egin du Arabako zuzendaritzak Oyarzabal mantentzea inposatu duenik.