Politika -
Galdeketa
PPC: 'Mas legetik ateratzen den aldiro Gobernuak esku hartuko du'
Masek hauteskunde kanpainan zin egin bezala, Estatu propiora iristeko ematen ari diren pauso guztiak Estatututik eta Konstituziotik at daudela uste du PPCk.
Erredakzioa
"Konstituzioaren bermatzaile gisa, Mas legetik ateratzen den aldiro Gobernuak esku hartuko" duela ohartarazi du Enric Millo PPCk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak eta Trantsizio Nazionalerako Batzordea bezalako ekimenak geldituko dituela gaineratu du.
"Espainiako Gobernuak jada Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordea sartu zuen Parlamentuko burujabetasun adierazpenaren inpugnazioan, bi ekimenak norabide berean doazelako. Gobernuaren betebeharra da legea zaintzea", esan du Millok Efe agentziak egindako elkarrizketa batean.
Masek hauteskunde kanpainan zin egin bezala, Estatu propiora iristeko ematen ari diren pauso guztiak Estatututik eta Konstituziotik at daudela uste du PPCk, eta horregatik, alderdiko zerbitzu juridikoak har daitezkeen ekimenak aztertzen ari direla esan du Millok.
"Pauso" horiekin Millok Parlamentuak onartutako subiranotasunaren aldeko adierazpenaz (Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du) eta Trantsizio Nazionalerako Batzordeaz ari da. Azken hori, erabakitzeko eskubiderako Parlamentuko batzordea da.
Alicia Sanchez-Camachoren alderdiak jada batzorde horiek bertan behera uzteko eskatu du baina eskakizunak ez du arrakastarik izan.
Aholku kontseilua sortuta dago jada, eta dagoeneko lanerako plana ere aurkeztu du. Batik bat, balizko Katalunia burujabearen inguruko txostenak egingo ditu.
Erabakitzeko eskubidearen batzordea ere onartu du Parlamentuak baina oraindik ez dute eratze datarik finkatu. Millok Nuria de Gispert Parlamentuko presidenteari idatzi bat bidali dio Konstituzionalak burujabetasun adierazpenaren inguruan erabaki bat hartu arte prozesu hori baliogabetzeko eskatuz.
Era honetan, Gobernuak horrelako ekimenak gelditzeko esku hartuko duela ohartarazi du PPCk, "Kataluniako Gobernuaren eskumenetatik eta legetik at daudelako".