Politika -

Bateragune auzia

Fiskaltza, Otegi behin-behinean aske uztearen aurka

Helegiteak ebatzi arte, Bateragune auziko kondenatuak behin-behinean aske uztea aztertuko du Auzitegi Konstituzionalak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak errefusatu egin du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia eta Bateragune auziko beste lau kondenatuak behin-behinean aske uztea, Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako idatzi batean.

Hilabete hasieran, Konstituzionalak defentsen helegiteak tramitatzea onartu zuen, eta, gainera, beste atal bat ireki zuen, helegiteak ebatzi arte kondenak behin-behinean baliogabetzea aztertzeko. Hori onartuz gero, Otegi, Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez aske geratuko lirateke, behin-behinean.

Fiskaltzak idatzian azaldu duenez, Konstituzionalak kondenak bost urtetik beherakoak direnean baino ez ditu behin-behinean baliogabetzen, eta, kasu honetan, kondenatuek sei eta sei urte eta erdi arteko espetxe zigorrak dituzte.

Ministerio Publikoaren esanetan, auziak "garrantzi sozial handia" du, egotzitako delituak "hainbat heriotza eragin dituen talde armatu batekin" zerikusia baitu.

Fiskalak auzia lehenbailehen ebaztea eskatu dio Konstituzionalari, helegitea aurkeztu dutenak espetxean baitaude.

KONDENAK

Duela urtebete, Otegi eta Diez espetxean mantentzea erabaki zuen Gorenak, baina 10 urtetik sei eta erdira murriztu zuen Auzitegi Nazionalak ezarritako kartzela zigorra. Era berean, 8 urtetik 6ra jaitsi zien gainerako kondenatuei.

Epaian, Gorenak frogatutzat eman zuen kondenatuak Batasuna berriz osatzen saiatu zirela, ETAk hala aginduta, Bateragune izeneko talde baten bitartez. Hori dela eta, erruduntzat jo zituzten, erakunde terroristako kide izatea egotzita.

Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, baina, auzipetuek ETAren indarkeriaren aurka egin zuten, eta ukatu egin zuten Bateraguneko kide zirela. Are gehiago, Bateragune "Ekinen barne egitura bat" zela azaldu zuten.

Azken adierazpena egiteko txandan, Arnaldo Otegik ETAren indarkeria "soberan" zegoela eta "oztopo" zela adierazi zuen. Gainera, "indarkeria armatuaren behin betiko amaiera" eta "egitura militarrak desegitea" babestu zuen.

Rafa Diezen esanetan, auzipetuek indarkeriaren amaierari buruzko eztabaida sustatu zuten ezker abertzalearen baitan, "modu autonomoan" eta "inoren menpe egon gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea