Politika -
Subiranotasuna
EH Bilduk estatus berrirantz 'elkarrekin' joatea proposatu dio EAJri
"Inposaketen" kontrako jarreran bat egiten badute, zergatik ibiltzen diren "mokoka" galdetu die Laura Mintegi bozeramaileak jeltzaleei.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak estatus berri bat lortzeko bidea "elkarrekin" egiteko deia egin dio EAJri. "Inposaketen" kontrako jarreran bat egiten badute, zergatik ibiltzen diren "mokoka" galdetu die Laura Mintegi bozeramaileak jeltzaleei.
Mintegik Onda Vascan egindako elkarrizketa batean ohartarazi duenez, EAJk ez du Euskal Herriarentzat egoera berria lortuko "'aizue Madrilgo jaunok, Estatus Berria nahi dugu' esanez".
Haren esanetan, "planto egoera bat" eman beharko da "momenturen batean", eta hori "eraginkorragoa izango da eta ondorio gehiago izango ditu elkarrekin eginez gero".
Mintegik azaldu duenez, gaur egun "trantsizio fase batean gaude, gustatzen ez zaigunetik, eraiki nahi dugunera. Badirudi alderdi abertzale guztiok horretan dihardugula. Xehetasun desberdinekin, azken helburu desberdinekin, intentsitate desberdinarekin, baina denok dugu buruan estatus berri bat, egoera berri bat".
"Kontraesanak"
EH Bilduren helburua "burujabetasuna" eta "independentzia" lortzea direla gogorarazi du. Hala ere, egungo "trantsizioan kontraesanak" daudela aitortu du, udaletxeetako balkoietan jarri dituzten Espainiako banderei erreferentzia eginez.
"Kontraesana da, bai, argi diot. Baina alde handia dago balkoi batean bandera bat jartzearen eta euskal herritar batzuk sei urte kartzelan igarotzeko Poliziarekin kolaboratzearen artean", gaineratu du.